Estibalitz EZKERRA
Literatur kritikaria

Durango

Hamahiru urte dira Durangoko Azokara joaten ez naizena. Atzerrian bizitzen daramadan urte kopuru bera da hori. Euskal Herrian bizi nintzenean urtero izaten nintzen han, rol ezberdinetan garaiaren arabera: ikasle, kazetari, irakurle arrunt. Kexatzeko ospatzeko beste arrazoi izaten nituen orduan: Azokak bazituen bere alde onak zein ez hain onak. Izan baziren hobetu zein aldatu zitezkeen gauzak, baina hala gertatzen da proiektu guztiekin: hazten jarraitu nahi duenak, denbora berrietara egokitu behar du, moldaketak indarrean jarri behar ditu.

Esan bezala hamahiru urte dira Azokatik igaro ez naizena, geografikoki ezinezkoa zaidalako, baina jarraitzen ditut handik datozen albisteak. Balorazio positiboak, kritikak, eskaerak. Espiritua bera da, baina sumatzen ditut aldaketak nik ezaguturiko Azoka horren aldean. Durangoko Azoka aurrera doan seinale moduan hartzen ditut, hortxe jarraitzen duen erakusgarri. Bizirik.

Hitz horiek ez ditut nostalgiagatik edo konplazentziagatik idazten. Ez dut denboran atzera egiteko desirarik, eta kritika zein autokritika kulturgintzaren osasunerako ezinbestekoak iruditzen zaizkit. Kontua zera da, kanpotik bestela antzeman daitezkeela gauzak, batik bat panorama zabala kontuan hartzen bada. Eta panorama zabal hori zinez kezkagarria da une honetan. Horregatik ospatzen dut Durangotik bederatzi mila kilometro pasatxora dagoen toki honetan Azokaren existentzia, hurrengo urtean ere balorazio positibo, kritika eta eskaera gehiago egongo diren itxaropenari helduta.