Andoni ARABAOLAZA
EKIMENA

Euskal mendizaletasunaren ondarea indartzeko kanpaina sustatu dute

Euskal Mendizaletasunaren Museoa Fundazioak bultzatuta, hainbat mendizalek, idazlek eta kazetarik agiri bat plazaratu zuten joan den asteazkenean, Mendien Nazioarteko Egunarekin batera.

Joan den asteazkenean, Donostian dagoen San Telmo museoa mendiko kulturaren “egoitza” bihurtu zen. EMMOA edo Euskal Mendizaletasunaren Museoa Fundazioaren eskutik ekimen bat aurkeztu zen. Nolabait esatearren, kolektibo horrek martxan jarri duen kanpainaren ardatz nagusietariko baten berri eman zen.

Horretarako, egun seinalatu bat hartu zuen: Mendien Nazioarteko Eguna. Eta kulturaren egoitza horretan hainbat mendizalek, kazetarik eta idazlek euskal mendizaletasunaren ondarea gordetzearen eta balioan jartzearen aldeko konpromisoa biltzen duen agiria kaleratu zuten. Hots, atxikimendu argia egin zuten.

Adierazpen horretan, sinatzaileek mendizaletasuna Euskal Herrian kirolaz haraindiko jarduera bihurtu dela azpimarratu zuten: «Egun erabat sustraituta dago; oso sakon, gainera. Horren erakusle da Hego Euskal Herrian ditugun bi mendizale federazioetan berrogei milatik gora federatu daudela, bai eta mendira noizean behin joaten diren ezin konta ahala gizon-emakumeak ere».

«Gure historia»

Agirian ere azpimarratu nahi izan dute euskal mendizaleek han eta hemen izan duten presentzia etengabe historia esanguratsua ehuntzen joan dela, eta horregatik ospea lortu duela nazioartean. Horregatik guztiagatik honako mezua helarazi nahi izan dute: «Ezin utz diezaiokegu kirolaren eta kulturaren aldetik hain ondare oparoa dugun horri urteen joanarekin ahanzturaren iluntasunean galduta geratzen».

Gogora dezagun, ondare hori gordetzeko, indartzeko eta sustatzeko egoitza Donostiako Zuhaizti kiroldegian dagoela. Behin-behinean, bederen, euskal mendizaletasunaren museoak han du bere txokoa.

EMMOAk bultzatzen duen proiektu horrekin bat egin dute arestian aipatu ditugun sinatzaileek: «Guk ere aldarrikatzen eta bultzatzen dugu espazio duin bat sortzeko egitasmoa, ondo merezita baitu haren historiak. Espazio horren bidez, mendizaletasunaren kultura sustatuko genuke, eta etorkizuneko belaunaldiei helaraziko zaiela ziurtatuko». Hori esan eta gero, adierazpen horren bidez, Euskal Herriko erakundeei, mendizaleei eta gizarteari dei egiten diete ondare kulturala babes dezaten. Gogoratu nahi izan dute atxikimenduak www.emmoa.eus atarian egin daitezkeela.