Maite UBIRIA
BAIONA

Ipar Euskal Herriko hirurogeitik gora alkate eta hautetsik bihar Baionara joateko deia egin dute

Ipar Euskal Herri osoko hirurogeitik gora hautetsik bihar Baionan egingo den manifestazioan izango direla iragarri dute, eta bertara joateko deia egin diete herritarrei.

“Ne faisons pas begayer l’histoire” (ez dadila historia errepika) izeneko agirian, hautetsiek gogorarazi dute duela bi urte baino gehiago hasi zituztela frantses Justizia Ministerioarekin elkarrizketak, eta eztabaida horien helburua Euskal Herriko bake prozesua laguntzea zela, euskal presoen auzia eta aplikatzen zaizkien salbuespen neurriak «eztabaidaren erdigunean ezarriz». Hala, azken bi urteetan «aurrerapauso garrantzitsuak» izan direla oroitu dute: «hurbilketak, Bereziki Zainduriko Presoen estatutua kentzea, edo epaile batzuen erabaki baikor zenbait».

Gaineratu dute Zigorren Aplikaziorako Epaitegiak hainbat erabakitan aintzat hartu dituela, «bake prozesuaren aitzinamenduak» baldintzapeko askatasun edo kondenen etete eskaera batzuetan aldeko erabakia eman baitu, baina sinatzaileek deitoratu dutenez, Fiskaltzak «bake prozesuaren oztopo izatea erabaki du» ebazpen horiei «sistematikoki helegitea aurkeztuz». Frederic Haranburu, Lorentxa Beyrie eta Ibon Fernandez Iradiren kasuak aipatu dituzte.

Emmanuel Macronek iragan maiatzean Biarritzen izan zenean esan zituenak ere gogora ekarri dituzte. Presidente frantsesak hauxe esan zuen: «Euskal Herria adibide bat da niretzat gatazkaren konponbidean eta armagabetzean. Estatuaren eginbeharra mugimendua laguntzea da. Ez dezagun historia errepika, lagundu behar da». Hautetsiek gaitzetsi dutenez, ordea, «hitzak bai, baina ondotik ez da aldeko jarrerarik izan», eta horren aurrean, bake prozesua «bururaino» laguntzeko prest agertu dira, «euskal jendartearen ondoan, ondoko belaunaldiak lurralde sosegatu batean bizi daitezen». Eta horretarako, bihar Baionan izango dira.