Laburrean

Jardunaldia. 17. jardunaldiak Valentziara eramango du Reala larunbatean. Levanteren kontra jokatuko du (18.30, Gol). Athleticek, berriz, Madril bisitatuko du igandean (12.00).

Mexiko. Kiana Palaciosek bere selekzioarekin jokatuko du CONCACAFeko olinpiada aurrekoa. Ameriketako Estatu Batuetan izango da txapelketa urtarrilaren 22tik otsailaren 2ra.

Superkopa. Salamancak hartuko du berritutako txapelketa. Otsailaren 5ean eta 6an jokatuko dira finalerdiak eta 9an finala. Realarekin eta Atleticorekin batera, Bartzelonak eta Levantek hartuko dute parte. Bihar zozkatuko dira finalerdietako partidak.

Bigarren Maila. Eibarrek Osasunari irabazi (2-4) eta igoera postua hartu du. Aurretik daude, hala ere, Bartzelona B eta Madril B jipoitu zuen Athletic B (0-4). Alavesek Friol gainditu zuen (1-0) eta bosgarren postura igo da, Osasunarekin berdinduta eta Eibartik puntu bakarrera.

Deialdia. Espainiako 19 urtez azpiko selekzioak Nerea Nevado (Athletic), Adriana Nanclares, Ana Tejada (Real) eta Sara Carrillo (Osasuna) deitu ditu datorren asteko lan saioetan parte hartzeko.

Aldaketak. Oihana Aldaiek Eibar utzi eta Bigarren Mailako Hegoko multzoko Pozoalbensera joan da. Saioa Martinez de Olcoz, bere aldetik, Alavesera heldu da Reala utzita.

Txapelketak. AEBek, Ingalaterrak, Japoniak eta, lehen aldiz, Espainiak parte hartuko dute She Believes Cupen bosgarren edizioan martxoaren 5etik 11ra. Partidak Florida, New Jersey eta Texasen jokatuko dira.

Fitxaketak. Ayoze Diaz da UDGko entrenatzaile berria, eta Tenerifeko taldeak Katie Murray estatubatuarra fitxatu du. Madrilek, bere aldetik, neguko fitxaketen zerrenda luzea handitu du, Valeria Cantuario, Antonia Silva, Amanda Frisbie eta Rita Chikwelu kontratatuz.