Ane URKIRI ANSOLA
DONOSTIA

Arraste-ontzi pelagikoak apiril erdian hasiko dira antxoatan

Estatu espainoleko itsasontziek eta Estatu frantsesekoek antxoaren harrapaketarako akordio bat sinatu zuten 2009an, arrantzatzeko bi moduek kointziditu ez zezaten. Abenduaren 31n iraungi zen hori eta beste urtebetez berritu dute, aldaketa handi batekin.

Martxoaren 1ean hasiko da antxoaren kanpaina Estatu espainoleko iparraldeko itsasontzientzat; Kantauri isurialdeko baporeentzat, hain zuzen. Sasoia ekainaren hasiera edo erdialderaino luzatu ohi da, dagokion kuota amaitu arte, alegia. Aurtengo sasoirako 32.000 tonako kuota ezarri dio Europar Batasunak Estatu espainolari, iazkoa baino %3 txikiagoa; honen biomasa apur bat murriztu dela atzeman ondotik ezarri zuten erabakia espeziearen kudeaketarako planean.

Arrantzarako baimendutako kuotan aldaketa handirik ez da izan antxoaren kasuan; aldiz, aurtengo sasoian aldaketa nabarmen bati egin beharko diote aurre arrantzaleek: Estatu frantseseko itsasontziek apirilaren 15era aurreratuko dute beraien kanpaina.

Joan den asteartean Estatu frantseseko itsasontziekin elkartu ziren Kantaurialdeko arrantzaleak, 2009tik indarrean egon den akordioa berritzeko, iragan abenduan iraungi baitzen.

Bi eremuetako itsasontziek antxoa harrapatzeko oso modalitate ezberdina erabiltzen dute. Hegoaldekoak –Iberiar penintsulako iparraldekoak– inguraketa sareekin aritzen dira; iparraldekoak –Estatu frantseseko kostaldekoak–, aldiz, arraste pelagikoa erabili ohi dute; arrantza era honen aurkako mugimenduak indar handia izan zuen duela urte batzuk eta Estatu espainolean debekatuta dago.

Urtebetez luzatu

Bi modalitate horiek denboran eta ur berberetan kointziditu ez zezaten akordio bat adostu zuten alde biek 2009. urtean. Hor hitzartu zuten Kantaurialdekoek martxoaren 1ean hasiko zutela kanpaina eta kuota bukatu arte arituko zirela arrantzan; hau da, ekainaren erdialdera arte, gutxi gorabehera. Estatu frantsesekoak, aldiz, ekainaren 1ean hasten zuten denboraldia. Beraien denboraldia atzeratzearen truke, Estatu espainolari zegokion kuotaren zati bat (%10) frantsesei ematea adostu zen –1,7 milioi kilo–.

Akordioak 2019ko abenduaren 31ra arteko epemuga zuen eta urtero egin izan dituzte bilerak moldaketa txikiak adosteko.

Aurten, baina, frantsesek aldaketa gehiago proposatu zituzten abenduko batzarrean eta horiek jasota akordio honi jarraipena eman nahi izan diote Kantaurialdeko arrantzaleek; hala aurreratu zuten urte hasieran eta hala helarazi zieten frantsesei asteartean Getarian izandako bileran. Azkenean urtebeterako luzatu dute.

Emeterio Urreisti Getariako kofradiako presidenteak garrantzia kendu nahi izan zion bilera horri; «urtero egiten baitugu». Iraungitako akordioa beste urtebetez luzatzea era positiboan baloratu zuen GARAri eskainitako adierazpenetan.

Akordioa xehatuz, jakinarazi zuen apirilaren 15era aurreratu dutela arraste-ontzi pelagikoen kanpaina; alegia, Estatu frantseseko itsasontziek antxoa arrantzatu ahal izateko sasoia. Denboran bat egingo dute, beraz, inguraketa sarea erabiltzen dutenak eta arraste-ontzi pelagikoekin jarduten direnak, baina Urreistik adierazi zuen ez dutela eremu berean kointzidituko, «beraiek beraien uretan arituko dira eta gu, geureetan».

Hori betez gero, ez legoke arazorik. Leo Belaustegi LABeko Arrantza arloko arduradun ohiak, ordea, zuhurtziaz begiratzen dio erabaki honi. «Antxoa non dagoen, horren arabera mugituko dira; gurean baldin badago beraiek mugituko dira eta beraien uretatik gertu baldin badago, gu», azaldu zuen. Iskanbilaren bat sor daitekeelakoan dago, beraz.

Datak aldatzeaz aparte, ez da zehaztu Estatu frantseseko itsasontziei azkenengo hamar urteetan eman izan zaien kuotaren ehunekoan aldaketarik izan den edo ez.