Iratxe Esnaola
Hezkuntzan doktorea
JO PUNTUA

Haurrentzako «smartwatch»-ak

Haur eta nerabeen artean smartphoneen erabilera gora egiten ari den une berean, euren smartphone propioa eskuratzeko adina beherantz doa. Alegia, gero eta denbora gehiago eskaintzen dietela egunean, eta gero eta lehenago hasten direla erabiltzen. Hori gutxi balitz, orain haurrentzako smartwatchak ere arrunt bilakatzen ari dira.

Smartwatchak helduentzako sortu ziren hasieran. Besteak beste, deiak eta posta elektronikoa kudeatzea ahalbidetzen dute. Baita kirolari edo bidaiatzeari lotutako beste aukera batzuk ere (pultsometroa edota GPSa).

Haurrentzako smartwatchek deiak egin eta jasotzeko aukera eskaintzen dute, baina kontaktuen zerrenda mugatu daiteke (bai jasotzeko bai deitzeko). «Dei isila» ere badute batzuek, non helduak deitu baina haurra jabetzen ez den, urrunetik mikrofonoa aktibatuz eta haurraren elkarrizketa entzuteko aukera izanez (pribatutasunaren ikuspegitik… tira, beste baterako). GPSa dute, haurra non dagoen jakiteko. «Eremu segurua» deritzana ere definitu daiteke: haurra hortik ateratzen bada helduak jakinarazpena jasotzen du smartphonean. Eta «SOS botoia» ere badu, segundo batzuez zapalduta zenbaki jakin batzuetara deitu edo lokalizazioa bidaltzen duena. Smartwatch sofistikatuagoek kamera eta beste funtzionalitate batzuk izango dituzte.

Nahiko nabaria dirudi haurrentzako smartwatch hauen existentziaren eta arrakastaren muina gurasoen beldurretan egon daitekeela. Smartphoneekin bizi dugun alerta konstanteak eta gure haurren mugimendu oro kontrolatzeko beharrak haurren segurtasunarekiko antsietate handia sortzen du. Eta antsietate hori lasaitzera datoz smartwatchak. Eta nahi gabe, segurtasun faltaren mehatxua sartzen diegu eskumuturretik gorputzera, oraindik oso txikiak direnean (9 urterekin asko).

Haur eta nerabeei smartphonea emateko adina 11 urte inguruan dago, batez beste. Eta adin hori auzitan jarri gabe, aurrez smartwatcha ematen hasi gara. Eta izatekotan, alderantziz behar luke: smartwatchak smartphonea emateko adina atzeratzeko.