Haritz LARRAÑAGA
BAIONA

Herri Urratsen 37. edizioak «bob xapela» berreskuratuko du

Senpere inguruko euskalkian «bagoaz» esateko erabiltzen duten esamoldea izango da aurtengo Herri Urratseko goiburua: «Gaki ge!». Maiatzaren 10ean biltzen dituzten irabaziak Seaskako kolegioetan dituzten gabeziei aurre egitera bideratuko dituzte, Ziburuko Piarres Larzabal kolegioan kasu. Logo berriak adierazten duen moduan, Herri Urratseko ikur den «bob xapela» berreskuratu dute antolatzaileek. Datozen egunetan aurkeztuko dute kantu berriaren klipa.

Maiatzaren 10ean Senpereko aintziran biltzeko deia luzatu zuten Seaskako kideek. Aurtengoa 37. edizioa izango da, eta bildutako dirua Seaskako kolegioetan dituzten beharrak asetzera bideratuko dute. «Besta eguna da, baina ez da ahaztu behar ikastolen geroa ziurtatzeko ekimen bat dela», oroitarazi zuen Emile Negelua Herri Urratseko kontseiluko kideak.

Baionan eskaini zuten prentsaurrekoan Euskal Herriko euskaltzale guztiak gonbidatu zituzten, haien iritziz, ikastolen geroa bakarrik ez, euskara bera baitu ardatz Herri Urratsek. «Bidea luzea da, bihurgunez betea, baina helburua bakarra da, euskara salbatzea», nabarmendu zuen Negeluak.

Peio Jorajuriak, Seaskako lehendakariak, epe motzera duten helburu nagusia «ondoko sartzea ahalik eta baldintza hoberenetan egitea» dela azpimarratu zuen. Ikasle kopurua gora egiten ari den heinean lanpostu gehiago behar dituztenez, frantses Gobernuari eskatzen dizkioten 27,5 postuak bermatzeko negoziazio fasean daudela jakinarazi zuen.

Azken urteetan Kanbo, Baiona eta Larzabaleko kolegioetan inbertitu dute Herri Urratsen irabazitako dirua. Aurten, Ziburuko Piarres Lartzabalen txanda izango da. «Datorren ikasturtean 1.000 ikasleko langa gaindituko dugu Seaskako kolegioetan, beraz, Herri Urrats oso lagungarri izango da beharrei erantzuten laguntzeko», azaldu zuen Jorajuriak.

«Gaki ge», bagoaz!

Lelo nagusia laguntzen duen logoaren nondik norakoak argitu zituen Ihintza Bidart koordinatzaileak: «Gertutik bi dantzari eta lauburu bat ikus daitezke, urrunagotik begiratuta ordenagailu baten antza ere badu, hau da, euskara garai eta teknologia berrietan ere badago, eta irudia bere osotasunean ikusten bada, bob xapela ikus daiteke, Herri Urratseko argazkietan agertzen diren pertsonek sarri buruan eramaten duten ohiko txapela».

Herri Urratseko aurtengo kantua, ostera, Diabolo Kiwi Donibane Garaziko laukote gazteak osatu du, Ortzi Idoate bertsolariaren hitzekin, eta datozen egunetan aurkeztuko dituzte bai abestia eta bai bideoklipa.