GARA
Mendia

Zegama-Aizkorriko epea astelehenean irekiko da

Urtarrilaren 30era arte izango da zabalik Zegama-Aizkorri Mendi Maratoian parte hartzeko izen-ematea; Rock the Sport.com webgunearen bidez egin beharko da, eta parte-hartzaileen zozketa otsailaren 21ean egingo dute. Probaren 19. edizio hau maiatzaren 24an jokatuko da eta Golden Trail Series zirkuitua irekiko du.

Gaur egin den aurkezpen ekitaldian jakinarazi dutenez, aurtengo proba berriz ere puntuagarria izango da “Golden” zirkuiturako. Atletek izena emateko epea urtarrilaren 20an irekiko da eta, aipatu bezala, urtarrilaren 30ean bukatuko da.

Antolakuntzak 150 dortsal gordeko ditu lasterketaren konpromisoetarako, eta beste 125, aurreko edizioetan lehiatu eta edizio honetan ere parte hartu nahi duten atleten parte-hartzea ahalbidetzeko. Azken bi edizioetan denborarik onenak lortu zituzten atleten parte-hartzea ere bermatuko da.

Aurten ere ez da faltako kilometro bertikala; maiatzaren 22an, ostiralean, izango da 16.00etatik aurrera, eta igande goizean VIII. Zegama-Aizkorri Junior Traila ere egingo da, 10.30ean, 10,4 kilometroko ibilbidearekin.

Zegamako alkateak, Joseba Izagirrek, proba posible egiten duten 400 boluntarioen lana eskertu du gaur.