Jon GARMENDIA «TXURIA»
Idazlea

«No es no»

Koldok bidali dit “No es no” bideoklipa, Anne Etchegoyenen “Emazte” izeneko diskoan agertzen dena. Ea zer iruditzen zaidan galdetu dit, eta gauza bakar bat erantzun diot, Baiona biziki ederra iruditzen zaidala. Lapurdiko hiriburuko karriketan grabatu zuten bideoklipa Donapaleuko kantariak eta Basauriko aktore Itziar Ituñok, gizonezkoen koru baten laguntzarekin, flamenko ukituko gitarra batzuk eta Andaluziako dantzariak. Gustatu zait bideoak islatzen duen alaitasuna, eta tira, Itziar Ituñoren magia eta xarmak bultzada ematen dio helburuari, genero indarkeriaren salaketari. Ospea lortu baitu “La casa de papel” telesailari esker, eta oihartzun handia ukan du kantuak frantsesezko agerkarietan. «Abokatu, zerbitzari, kantari, emakume jaio gara, gona, prakak, garagardo batekin errespetua nahi dut. Gu berdinak gara, lan eta sexuan. Te lo digo, y de nuevo, no es no, esan dizut, eta berriro, ez, da ez», kantatzen dute alaitasunez. Ez naiz nor kantu bat kritikatzeko, baina badakit izango dela halakorik, mezua emateko moduagatik edo auskalo zergatik. Tira, maitatuko duzu gehiago ala gutiago, baina errespetu handia diot edozein sortzailek egiten duen ahaleginari, eta kantuan dioten moduan mezua pasatzeari garrantzitsua deritzot, isilik pasatzen baitira inguruotan emazteei eginiko basakeria oro. «Ahizpa, neska, laguna, amatxi, ama, alaba, zatoz kalera, egon herrietan, pasatu mezua».