GARA
BILBO

Alonsotegik Aldana tabernako biktimak gogoratu ditu atentatuaren 40. urteurrenean

Duela 40 urte, 1980ko urtarrilaren 20an, Grupos Armados Españoles (GAE) delakoak atentatua egin zuen, goizaldeko ordu bata aldera Alonsotegiko Aldana tabernako atean sei kilo Goma-2 zartaraziz. Lau hildako eta hamar bat zauritu eragin zituen.

Atzo, atentatuaren 40. urteurrenean, biktimak gogoratu zituzten eta euren familiei babesa eman zieten Alonsotegin bertan. Ekitaldia 19.00etan hasi zen San Bartolome elizan eta ondoren lore eskaintza egin zuten herriko muralaren aurrean.

Joseba Urbieta udalerriko alkateak oroigarria eman zien atentatuan hil ziren Manuel Santacolomaren, Liborio Aranaren, Mari Paz Ariñoren eta Pacifico Ficaren senideei, baita Aldana tabernaren jabeak ziren Garbi Zarateren eta Jose Angel Gonzalezen senideei ere. Alkateak «hilketa koldar haiengatik» inork ez duela ordaindu gogorarazi zuen eta gaineratu zuen Alonsotegiko herriak «ez dituela bakarrik utziko inork jasan beharko ez lukeena jasan zuten biktimak».