GARA
BILBO

«Sentsibilitate feminista» duten artxiboak sortzeko beharra nabarmendu dute zenbait emakume artistak

EHUren Bizkaia aretoak “Artxiboak, beharrezko erregistroak” erakusketa hartuko du otsailaren 21era arte. Erakusketa honetan, hainbat emakume artistaren lanak izango dira ikusgai; horien bidez, artearen komunitateak berezko dituen zenbait kontakizun kanoniko berrikusiko dituzten askotariko ahotsak eskaini nahi izan dira.

Guztiek egiten dute hausnarketa inguruan dutenari buruz askotariko esparruetatik abiatuta, besteak beste: ekologia, arkitektura, memoria, egunerokotasunaren aldarrikapena, emakumeek landa eremuan pairatzen duten ikusezintasunaren salaketa... «Batzuek gure inguruan dauden errepresentazio forma nagusiak zalantzan jartzen dituzten diskurtsoak edo ikuspegiak proposatzen dituzte, erresistentzia kultural eta politikoko praktiketatik abiatuta, ahalduntze espazioak sortzeko. Beste batzuek, aldiz, denboraren poderioz ahaztu egin diren baina emakumeentzat garrantzitsuak izan ziren momentuak eta tokiak berreskuratzeko beharra hartu dute oinarri gisa», azaldu dute aretotik.

«Proiektu guztiak osotasunean aztertuta, argi geratzen da garrantzitsua/zentzuzkoa/beharrezkoa dela sentsibilitate feminista duten artxiboak eta erregistroak sortzen laguntzea; izan ere, hori baliagarria izan daiteke hainbat mailatan aldaketa politikoak eta sozialak egiteko», zehaztu dute.

Erakusketa honek emakume artisten lana ikusgai jartzen du, «espazio publikoan merezi duen tokia izan dezan». Hala, artearen testuinguruan duen presentzia aldarrikatzen du, artearen kanonek ikuspegi patriarkala islatu baitute betidanik: «Erakusketa honen xedea da geure buruari galderak egitea, eta hortik abiatuta bide berri bati ekitea, oraindik ere gertuegi dugun iraganaren pisuetatik aske», ziurtatu dute.

Gogoeta horretan laguntzeko, jarduera paraleloak ere antolatu dituzte. Ostegunean bisitaldi gidatua izango da (19.00), otsailaren 5 eta 6an artistekin topaketak egingo dira eta, otsailaren 19an, “Artxiboak, beharrezko erregistroak” tailerra.