Idoia ERASO
BIARRITZ
Entrevista
SYLVIE GARAT
ERREALIZADOREA ETA KAZETARIA

«Ez dut uste BBCkoei anitz gustatzen zaienik dokumentalean esaten dena»

Fipadoc festibalak mundu osoko egile eta gaiak ekarriko ditu egunotan Biarritzera. Horien artean, Sylvie Garat lapurtarrak, euskal gatazkarekin loturiko zenbait lan egin ostean, Ipar Irlandara hurbiltzen du oraingoan ikuslea. Belfasteko egungo egoera erakusten duen «Les murs de la honte» dokumentalean «lotsaren murru» izendatzen ditu Garatek bertan «bakearen horma» esaten zaienak.

Bake prozesuak bereziki interesatzen zaizkiola adierazi zuen atzo Sylvie Garat errealizadoreak Biarritzeko Gare du Midi antzokian “Les murs de la honte” dokumentalaren aurkezpenean. 1998an sinatutako bake hitzarmenaren osteko egungo Belfasteko errealitateari begiratu dio lan berri honetan.

Duela 50 urte katolikoak eta protestanteak banantzeko eraiki zituzten hormak Ostiral Sainduko bake hitzarmenaren ondoren ere ez direla suntsituak izan agertzen du dokumentalak, eta ofizialki “bakearen murru” izenez ezagutzen direnei “lotsaren murru” esaten die egileak: «Pareta edo murru horiek britainiar gobernuak eman zituen 1979an. Arazo bat bazelarik errepublikano eta unionisten artean murru bat ematen zuten, eta oraindik hor dira. Laburbilduz erran daiteke bakebidea biziki luze dela».

Prozesu horretan egin den eta egiten ari den bidea erakustea da dokumental honen xedea: «Pentsatzen duzularik bake prozesuan, bortizkeriaren bukaera duzu buruan, baina gizartean bortizkeria beti hor da, ekonomikoa, soziala... eta biziki bortitza da nola bizi diren ikustea. Ez dute dirurik, gerla horretan dira, murruak kendu, baina zer eman erdian?».

Dokumentalak Belfasteko auzo txiroak erakusten ditu, bertan pairatu baitzuten borroka armatua gogorren. Drone bidez filmatutako irudiek bi aldeak erakusten dituzte, baita gune batzuetan horma erraldoi horien inguruan dagoen pobrezia handia ere.

Erdigunean eta auzo aberatsetan ez dago murrurik, baina Falls Road auzo katolikoan eta Shankill protestantean pareta horien zentzua oso zabala dela azaldu du egileak: «Murruak eraikitzen dituzte orain munduan migranteak ez sartzeko, AEBetan eta Europan; baina Belfasten ez duzu ikusten ahal nor den protestantea edo katolikoa, denak berdinak dira, eta orain ohartzen dira pobreen banaketa egiteko eraiki dituztela. Orain konturatzen ari dira beharbada lotu behar direla elkarrekin kapitalismoaren kontra borroka egiteko».

Murruek sortzen dituzten muga psikologikoak ere agerian utzi nahi izan ditu egileak: «Uste dut lana auzo horietan biziki luzea dela. Orain hasten dira mintzatzen; murru bat duzularik ez zara mintzatzen. Dokumentalean batek ongi erraten du, beldurra sortzen duela, zeren eta muga ez da bakarrik fisikoa, buruan ere sartzen da, beldurra sartzen da».

Paretak eta mugak kentzeko lanean ari diren hainbat pertsona agertzen dira dokumentalean; dantza eta otoitza elkarrekin egiten duten amona katoliko eta protestanteak, boxeo irakasle bat, langile sozialak... Dokumentalean mintzatu diren pertsonak hautatzeko, errealitatea eta dinamikak ezagutzen denbora luzea eman du egileak: «Lau urteko lana izan da, bospasei aldiz egon naiz Belfasten eta ikusi nituen pertsonen artean batzuek mintzatu nahi zuten eta beste batzuek ez. Lan luzea izan da».

Kontakizunaren garrantzia

Bi alderdietako kontakizunen beharra agerian jarriz abiatzen da dokumentala. Turistei errepublikanoen historiaren berri ematen dien katoliko baten azalpenekin sartzen gara “lotsaren murruen” errealitatean; bere eskutik bi aldeak elkartzen dituen atera heltzen da ikuslea, ondoren gidari protestantea ezagutu eta berarekin unionisten errealitatea ezagutzeko. Horrela bi munduak geratzen dira agerian. Dokumentalean norberaren bizipenen kontakizuna atxikitzeak duen garrantzia nabarmentzen da. Britainiarrek, BBC lagun, beraien kontakizuna hedatzeko eta errealitate bakartzat agerrarazteko egin duten indarrari aurre egin beharra dagoela azaltzen dute katolikoek.

«Garrantzitsua da beraientzat kontatzea, eta erakustea ez dela bata bestea baino gehiago. Bakoitzak bere historia kontatzen du, eta besteak hori errespetatu egin behar du. Oraindik horretan dira». Ikuspegi ezberdinak izateaz gain, historia ezberdina ere badutela esan du kazetariak: «Nola eraikitzen ahal duzu bakea bi historia ezberdinekin? Ez daukate bat komuna, eta orain komuna egiten ari dira, klase gatazka berarekin ari dira, eta beharbada zerbait egiten ahalko dute».

Filma Belfasten aurkeztuko dute martxoan; 7an, Falls Roaden, eta 9an, Shankillen. «Biziki interesgarria izanen da. Belfaset Film Festival-eko antolatzaileek prestatu dute, eta gero eztabaidak egin nahi dituzte filmaren inguruan, ikusteko zer Irlanda, zer gizarte mota, egin nahi duten orain elkarrekin».

Festibalean proiektatuko bada ere, Irlandako telebista kateek ez dute dokumentala erosi. Garatek azaldu zuen telebista irlandarrak gatazkari buruz atzerrian egiten diren lanak ez erosteko politika duela. Horrekin batera, gehitu zuen irlandar telebistako jendea harrituta zegoela filmean bi alderdiak agertzen direlako. Britainiar telebistari buruz hau gaineratu zuen: «Ez dut uste BBCkoei anitz gustatzen zaienik dokumentalean erraten dena».