Aitor AGIRREZABAL
IRUÑEA

Bi haur eskolatan euskara kenduko du Mayak, «normalizazioaren alde»

Iruñeko Udalak gaztelaniazko eredura pasako ditu berriro Donibaneko eta Printzearen Harresiko haur eskolak, aurreko legealdian euskara txertatu zuten biak. Enrique Maya alkateak «normalizaziora itzultzeko beharrean» argudiatu zuen erabakia. Hala, Nafarroako hiriburuko 11 haur eskoletatik soilik bitan egonen da euskaraz ikasteko aukera.

Aurreko legealdian Iruñeko haur eskoletan euskaraz egiteko aukerak bikoiztu egin ziren, Txantreako eta Arrotxapeko aukerei Donibanekoa eta Printzearen Harresikoa gehituz. Navarra Sumako Enrique Maya alkateak, baina, atzo iragarri zuen azken bi horietan aldaketa desegin eta, berriz ere, Iruñeko hamaika haur eskoletatik soilik bitan egonen dela euskal hizkuntzan aritzeko aukera.

Joseba Asironen legealdiaren ostean «normalizaziora itzultzeko beharra» defendatu zuen Mayak erabaki hau iragartzeko. Era berean, auzitegiek aldaketa haren aurrean egindako ebazpena bere alde duela baliatuko du Mayak. «Bilduk ez zien familiei entzun nahi izan, eta inposaturiko euskarazko eskaintza auzitegietan defendatzera tematu zen». 2016/2017 kurtsoan gauzatu ziren aldaketa horiek eta euskarazko plazak 164 izatetik 408ra igaro ziren. Gaztelaniazkoak eta gaztelania eta ingelesa uztartzen dituztenak, aldiz, murriztu egin ziren (255 gutxiago).

Aldaketa hori «modu progresiboan» eginen dela jakinarazi zuten Maya eta Hezkuntzako zinegotzi den Fernando Sesmak. «Ez diegu aurreko udal gobernuak familiei egin ziena eginen». Hala, 2022-2023 ikasturterako ez litzateke euskarazko eskaintzarik egonen Donibanen eta Printzearen Harresian, baina aldaketak datorren ikasturtean hasiko dira. Era berean, Arrotxapeko Goiz Eder haur eskolan hemendik aurrera euskarazko eskaintzari ingelesezko jarduerak dituen gaztelaniazkoa gehituko zaio. Aurreko udal gobernuak aldaketa «zakarki» egin zuela salatu zuten. «Familiak behartu egin zituzten erabaki bat hartzera. Beste eskola batzuetara mugitzea edo sinisten ez zuten eredu batean izena ematera». EH Bilduren jarrera «ilegala, politikoa eta etikarik gabea» izan zela salatu zuen Iruñeko alkateak. Hala, Navarra Suma buru duen udal gobernuak Iruñeko haur eskolak «normaltasunera» itzuliko dituztela adierazi zuen.

Horrela, neurri hauen atzean «datuak» dituztela defendatu zuen UPN, PP eta Ciudadanosek osatzen duten koalizioak. Hori arrazoitzeko «ikerketa bat» ere martxan jarri dutela baieztatu zuen Mayak, guraso iruindarren «benetako eskaria» zein den jakite aldea. «Hemendik aurrera familiek nahi dutena egin ahalko dute, aukeratzeko askatasunez eta inposiziorik gabe».

Euskarafobia salaketa

Modu honetan Iruñea 2015eko egoerara itzuliko da, hiriaren iparraldean dauden bi auzotara mugatuz euskarazko haur eskolen eskaintza. EH Bilduk udal gobernuaren «euskarafobia» ikusi zuen iragarpenaren atzean. «Gorenean helegitea jarrita daukan erabaki judizial bat argudiatzen dute aldaketa haien benetako arrazoiak ezkutatzeko». Koalizioaren iritziz, «euskarazko hezkuntza baten aldeko hautua egiten duten familiak baztertzea» da zinezko jomuga.

Horregatik, Maya alkateak aipatu zuen ikerketa horien emaitza jakin arte aldaketak gelditzeko eskatu zuen koalizio abertzaleak. Era berean, «akordioak bilatzeko beharra» azpimarratu eta eskaintza «benetako eskariaren eta lurralde banaketaren araberakoa» izatea defendatu zuen.

Ildo berean, Geroa Baik «aldebakartasunez» eta «aurreko azterketarik» gabe hartutako erabakia salatu zuen. 2015ean Asironek agintea hartu aurretik UPNren hainbat legealditan «eskariak gora egin arren eskaintza ez zela aldatu» gogorarazi zuen. Orain, atzerapausoak eman beharrean, hezkuntza komunitatearekin elkartu eta «publikoa eta kalitatezkoa» den eskaintza defendatzeko eskatu zion udalari.

PSN Mayaren erabakiarekin ados agertu zen, «aurreko legealdian familiek jasandako erasoa konpontzeko».