GARA
DONOSTIA

Haur pobreziaren aurkako goi mandatari gisa Madrilen tokia egin diote Gascori

Pedro Sanchezek Gobernu espainoleko presidente kargua berretsita, denbora kontua baino ez zen Ernesto Gascori Madrilen tokia egiteko piezak mugitzea: haur pobreziaren aurkako goi mandatari izendatuko dute.

Donostiako Alkatetza eskuratzeko saiakera hutsalen ostean –azken aldian, bi zinegotzi eta 7.000 boto baino gehiago galduta–, bere denbora agortua zegoela esan daiteke.

Gaurko Ministroen Kontseiluan ofizial egingo den izendapenarekin, Ernesto Gascok atzean utziko du 1995ean zinegotzi gisa hasi zuen ibilbidea. Lakuako Garraio eta Herri Laneko sailburuorde kargutik (2009-2012) eta Madrilgo Kongresutik (2008-2009) ere igaro zen.

Iazko maiatzeko udal hauteskundeetako porrotaren ondotik, ia hutsera arte murriztu zuen hedabide eta sare sozialetan aurrez izan zuen gehiegizko agerpen publikoa.

Era berean, Marisol Garmendia, Donostiako Udalean haren ordezkotzat jotzen dena (Gascoren soka berekoa da, eta beste “bandoan” Denis Itxaso bezalako karguak daude), lehen lerroan kokatzeko ahaleginak egin ditu PSEk.

Ardura berri honekin, erabat aldatuko du erregistroa Gascok, azken legegintzaldietan ostalaritza eta turismo gaiei oso lotuta egon baita. Haur pobreziaren aurkako goi mandataria Gobernu espainolaren Presidentetzaren mendeko organoa da, eta haren eginkizuna da berdintasunik ezaren eta haur pobreziaren aurka borrokatzeko jarduerak koordinatzea.

Etapa berriarekin pozik

Ministroen Kontseiluak bere erabakia ofizialki baieztatu arte itxaron beharra zegoela esan bazuen ere, agur esateko agerraldia egin zuen atzo Gascok Donostiako udaletxean.

«Ilusio handiko aldia irekitzen da, sentimendu bitxi batekin, hiri honi hainbeste dedikazio eman ondoren aro berri bat hasiko dela pentsatuta», nabarmendu zuen.

Madrilen izango duen postutik «Donostiaren alde eta Donostiarekin lan egiten» jarraituko duela ere azpimarratu zuen.

Ez zuen esan nork hartuko duen bere lekua Udalean, baina esan zuen «zalantzarik ez» duela «jende prestatua, fidagarria eta ona» izango dela.