Joxemari CARRERE
Ipuin kontalaria

Regina

Askotan gertatu ohi da: zerbait kontatu behar eta ezin asmatu istorio bat ekartzen; ezin hitzak bere edertasunean antolatu. Badira uneak irudimenak ihes egiten dizula, umezurtz utziz zure ahoa eta gogoa. Badira okasioak, zeinetan kontatzeak ez duen lekurik zure baitan eta, halere, istorio eder edo, behintzat, erakargarri baten bila zabiltzan. Non demontre ote dira batzuetan irudimenaren gazteluaren harresiak jo eta lehertzen dituzten kondaira liluragarriak? Non gordetzen dira ametsaren bidaietan biziarazten zaituzten ipuin zoragarriak? Badira uneak, ordea, idorra dela bizitza fantastikoa, zirimiri petral batek ere ez du blaitzen kontakizunen zelaia, eta mihia minduta datza. Non demontre ote dago kontatu nahi duzun istorio hori? Non bilatu? Nori entzun? Diote ezin duzula istorio bat aukeratu, istorioak berak aukeratzen baitzaitu. Edozein unetan eta lekutan, kontakizun harrigarriak erasoko dizu, zure barnean galerna baten antzera sartu eta kirioak dantzan jarriko dizkizu. Noiz baina? Agian, hobe da horrela uztea eta beste zerbaitetan okupatu pentsamendua eta bizitza.

Begien aurrean txosten zirraragarria. Munduan zaintza lanean aritzen direnen egoerak. Reginaren istorioa. Erresuma Batuko gizon aberats baten etxean lanean, egunero 6.00etatik 23.00etara. Sosik jaso gabe. Pasaportea kenduta. Kobratu gabe. Garbiketa gelan lo egiten zuen eta janari soberakinak ematen zizkioten. Tratu txarrak.

Diote Mari Errauskinena kontu zahar bat dela. Istorioak batzuetan enbatak dira.