Josebe Blanco
KOLABORAZIOA

Begoñaren Jakintza

Orain dela aste batzuk idatzi nuen berripaper honetan Azkoitiko Oreka Bioelkartearen dendaren itxieraz, eta horrek elikadura ekologikora jauzi egin duten nazioarteko enpresekin duen loturaz.

Gaur beste itxiera baten berri ematera natorkizue –nahiz eta, akaso, zu, irakurle, jakinaren gainean zauden–; kasu honetan, kulturgintzan du eragina. Gasteizek galduko du liburu denda berezienetarikoa: Jakintza liburu denda.

Nahiko nuke Jakintzak gordetzen duen jakinduriaz idatzi, Begoñaren dotoreziaz jantzi neure hitzak eta manerak; baina ezinezkoa da. Maitasunez idatzi ahal dut, hori baita testu honen mamia eta jatorria. Begoñarekiko maitasuna izan zitekeena baino askoz zabalagoa da hau. Izan ere, berarengan loratzen da adar asko dituen zuhaitz ederra.

Liburuekiko eta literaturarekiko maitasunak eraman ninduen orain dela 27 urte Jakintzara. Han sartu zen neska gazte hura liluratuta geratu zen han topatu zuen munduarekin. Hain espazio txikian unibertso osoa zegoen; gizakion historien mapak ziren bilduta apaletan, zain; musika ederrak hartzen zituen apalez apal eta liburuz liburu hegan egiteko. Eta emakume eder atsegina, argia, jakintsua –ezin hobeto zetorkion dendaren izena– zen bidaia haren gidaria, Begoña. Hari esker deskubritu nituen leku urruneko perlak, korridore estu eta luze bietan... Hari esker edan nuen euskal literaturatik. Hari esker gozatu nuen eleberriez eta poesiaz, entsegu eta ipuinez. Ilustrazio eta mapez. Hari esker, urteetan zehar, nire bueltako txikiek ilusioa sentitu dute –eta sentitzen dute– liburuz inguratuta, eta bidaia zoragarri horietara abiatzen dira. Izan ere, Begoñak jakin badaki pertsonen begietan eta hitzetan arimak irakurtzen, ez paperean soilik; eta horrek asko laguntzen du literaturan igeri egiten, beti baita errazagoa heldulekua ondoan. Hori eta gehiago hari esker.

Toki xarmagarri horretan beti sentitu dut errespetua, errespetu sakona, arnasten den horietakoa, birikak betetzerainokoa. Errespetua, batzuetan, nire aukeraketarekiko jakin-minetik zetorren; bestetan, nire laguntza eskaeratik. Begirunearen joan-etorri horietan asko ikasi dut bizitzaz. Etengabeko trukea izan da urteotakoa, eta truke horri, besteak beste, zor diot naizen hau.

Toki handi eta zabalak topagune aldarrikatzen diren garaiotan, txikitasunak elkartzeko duen ahalmenari eman nahi diot lerro hauetan txokoa. Elkarren ondoan egotea deseroso egiten zaigun honetan, Jakintzan suertatzen diren harremanak dira galduko ditugun altxorrak: bat zeozeren bila, galdetu, eta atetik sartu denak behar duzun hori baldin badu, pertsona batek –liburu saltzaileak, Begoñak– egiten ditu zubi lanak, berak ezagutzen dituelako peskizan dabilena eta sartu berria, biak ala biak, jakin badaki elkar aberastuko dutela bi arimok.

Hori guztia –eta askoz gehiago– galduko du Gasteizek. Galduko... ez, ez du galduko; lapurtu egin diote –egin digute–; Kutxabankek lapurtu egin digu, hain zuzen ere. Izan ere, galdu egiten dira erabiltzen ez direnak, memorian baztertuak direnak. Baina hau lapurreta da, burofax batean gorpuztu dena. Burofaxa. Andaluziatik. Kutxabank. Kutxa mixeriaz betetzen duenari zer izen eman?

Kultura kontsumitu egin behar dela entzuteak min zorrotz bat sortzen dit lokietan. Ez dakit oso ongi zertaz ari diren, baina mina egoskorra da. Kontsumituk agortu esan nahi al du? Hala bada, bidean gaude, zalantzarik gabe. Jakintzaren itxiera da adibidea. Espekulazioa hondeamakina ezin hobea da, pertsonen gainetik pasatzen dena, arima erauzi arte. Kapitalak esango digu non eta zer irakurri, berak diseinatuko digu arima berria, eta bere etekinaren zatitxo bat izango gara, balantzean azalduko gara. Gizarte ekintza.

Kapitalak pertsona egiten gaituenaren jabe egin nahi du, eta konplize bat baino gehiago du, bistan da. Elikadura, osasuna eta kultura –besteak beste– kontrolatu nahi ditu, gu kontrolatuko bagaitu. Gosez, gaixo eta ezjakin nahi gaitu.

Ez diogu, bada, erraz jarriko. Elika dezagun dugun arimatxo hau Jakintzaz.

Mila esker, Begoña, bihotzez.