Aitziber Pz. Karkamo
Kazetaria
AZKEN PUNTUA

Errealitatea

Zineman topatuko duzue astelehenak maitatzeko arrazoi bat. Ikuslearen egunean jendez lepo izan ohi dira aretoak eta jendeak oraindik ere filmak ikusteko pantaila handia gustuko duela pentsatzeko itxaropena berreskuratuko duzue. Batzuetan espejismoek gure alde jokatzeko ohitura dute. Ikuslearen egunean joan ginen Iruñeko zinema areto ezagun batera. “Dramagutxi” izen ironikoarekin ezagutzen dute askok, bertan ikus daitezkeen izaera sozialeko lanak eta autore lanak direla eta.

Bertan hainbat ezagunekin topo egin genuen eta pozez ohartu ginen horiekin denekin euskaraz aritu ginela. Euskal hiztunak dira gure inguruan, gure egunerokoan, gure Iruñea zaharrean. Hori da gurean bizi den errealitatea. Baina zineman lez, filmetako fikzioak maiz errealitatea gainditzen duen bezala, gu ere antzeko zerbait bizitzen ari ez ote garen etorri zitzaigun burura zinema atarian. Zinema aretoak betez kulturaren aldeko apustua egin nahi duen hiria pailazoak debekatzen dizkioten hiria baita. Euskal hiztunak nonahi topatuta ere, euskaraz hazteko eta ikasteko eskubidea lapurtzen dioten komunitatea baita gurea. Errealitateari muzin eginez, euren beldurrezko fikzioa inposatu nahi duten horiekin, ordea, ikuslearen figura izateari uztea da gurean dugun aukera bakarra.