Jon Artetxe
KOLABORAZIOA

Trafikoaren korapiloak askatu eta gero

Bukatu da errepide gehiago eraikitzeko politika. Gure etorkizuna beste alde batetik doa». Horixe adierazi zidan batzar batean duela 13 urte Eusko Jaurlaritzako sailburu Nuria Lopez de Guereñuk. Eskaintza handitzeari utzi eta eskaria kudeatzekoak omen ziren. Alabaina, foru aldundiek hitzetatik harago doana erakutsi izan digute behin eta berriro harrezkeroztik, batik bat Bizkaikoak.

Horretan, Supersur izan da izarra. Inoiz ez da nahikoa, eraikuntza arloko enpresak beti prest, txakur gosea beti erne. Krisialdiaren ostean, Aldundiaren diru-kutxak berriz gora egindakoan, zaharrak berri. Supersurra handitzeko lanei ekin diete, ingurumen kalteak larriak izan arren. Gastua 200 milioi eurokoa izango ei da. Bilboko itsasadarraren azpiko tunela iragarri dute orain, 407 milioi. Hau zerrenda amaigabea, zioskun Hertzainak-ek.

Munta horretako diru-eralgiketa justifikatzearren, inkestei egin die erreferentzia Pradales ahaldunak: «10 bizkaitarretik 8k beharrezko ikusten dute tunel hori»; eta lasai asko geratu da. Badaezpada, halakoren batean Aldundiak bestelako mugikortasun politika ezarri nahiko balu, klima larrialdiarekin bat etorriko dena, beste datu batzuk gogoraraziko dizkiogu. Eusko Jaurlaritzak duela bi urte argitaratutako inkestaren arabera, herritarren %82 auto pribatuaren erabilera mugatu eta garraio publikoa sustatzearen alde dago, %90ek uste dute benetan gertatzen ari dela klima-aldaketa, eta %85 jabetzen dira erosotasun batzuei uko egin beharko zaiela.

EAJk Bizkaiko Batzar Nagusietarako azken hauteskunde programan garapen iraunkorraren eta klima-aldaketaren prebentzioa agindu ez ezik, hau zioen:

Etorkizunari begira apustu hau egiten dugu Bizkaiko mugikortasunerako, hurrenkera honetan: trena, bizikleta eta abarka. Badago jarrera global bat ibilgailu pribatuari dagokionez, eta horren arabera ibilgailua ahalik gutxienetan erabili behar da… Uste osoa dugu itsasadarraren azpiko tunelak eta Supersurren bigarren faseak eraginkortasunez lagunduko dutela… Behin esku-hartze handi horiek (itsasadar azpiko tunela eta Supersur handitzea) sarearen korapiloak askatu eta gero… berriro ere, botere atzerakoienak ebazten ari dira nora doazen aurrekontuen partida itzelak, zertan inbertitu dirutza eta zer baztertu dirurik ezaren aitzakiapean. Duela hamarkadetako politika eta lehentasun berberak. Antza, soilik korapiloa askatu arte. Jakin badakitelarik era horretan ez dagoela korapiloa askatzerik.

Konponbideen aurka doa errepide gehiago eraikiz auto pilaketak konpontzen saiatzea; hamarkadak dira Europar Batasunak (EB) hori ohartarazten diguna. Izan ere, bide-azpiegitura berria eraikitzen denean, ezkutuan egon den eskaria aktibatzen da; hau da, errepideetan ilara gutxiago izatea lortzen denean, ordura arte hortik autoz ibiltzen ez ziren bidaiariak erakartzen dira. Adibideak nonahi ditugu. Sydney-ko badia gaineko zubia 180.000 ibilgailuk zeharkatzen zuten egunero 1991n. Azpitik tunela ireki zuten 1992an, eta 1995ean 250.000 ibilgailu ibiltzen ziren egunero; hau da, %38koa izan zen induzitutako eskaria.

Klima larrialdi egoerarekin bat etorriko den garraio politikak helburu nagusi bi izan beharko ditu: batetik, egungo mugikortasun maila murriztea, eta bestetik, pribatuari erabiltzaileak kentzea, oinezkoak eta bizikletaz zein garraio publikoan doazenen kopurua handituz.

EBk klima larrialdia deklaratu du, eta mugikortasun politika aldatu beharra aldarrikatu. Testuinguru horretan, errepide gehiago eraikitzeko politikak ez du batere laguntzen. Duranton, Turner, Mumford, Dechenaux, Marrero, Hoyos… asko dira gaia ikertu duten adituak, eta ondorioak norabide zehatzean doaz, Rementeriaren kontrakoan. Egungo politikek korapiloa askatzen dutenerako ketan itota izango gara.