Pello Zabala
Eguraldian aditua
AZKEN PUNTUA

Hurritzaren loreak

Otsail ttikia deitzen diogu «neguaren bihotza» den hilabete honi. Bai, 28 egun, aurreko urtarrilak eta geroko martxoak hiruna gehiago dituztenean, zeozer badago partizio horietan xuxena ez dena. Non abiatzen da okerra? Begira: urtearen luzera ezin da 24 orduko egunekin xuxen neurtu eta kontatu. Non dago misterioa? Ba, begira: urte oso batek 365 egun eta 5 ordu eta 49 minutu eta 12 segundo dauzkalako. Ia 6 ordu gelditzen dira tartean zenbatu gabe. Ta noski, seinaka eta seinaka, 4. urtean ia 24 ordu sobrante dauzkagu: egun bat erantsi behar, beraz.

Baina, egutegia aparte utzita, aurtengo negu xumeak ez al dizue loretxo piloarekiko atentzioa piztu eta bista poztu? Ni hurritzak nauka zora-zora eginda. Halatsu ikusten omen zituzten aspaldiko greziar jakintsuek ere. Agudo antzeman zioten jokaera oso berezia zuelako lore martxa hain kuriosoari: udazkeneko eguzki lotsatiaren bajadan lore kirtentxoa luzatzen zuela ikusita, lore ar luzea hain bistoso bazen, lore eme lotsati berandutuaren ezkutatu nahiak harritzen zituen: 9 hilabete betetzen baititu hurritzak bere fruitu biribiltxoa heldu eta botatzen. Noski: urrian dator hurra! Ez alferrik! hur ale biribiltxoari bihotz ttikiaren antza hartuko diozu. Horrek piztu zien jakingura orduko jakintsuei: lore arra luzean zintzilik, hain bizi eta bistoso; lore emea hain disimulatua, baina ordu pilaz, gau eta egun tirada luzeaz, zer sortuko eta... hurra, aizue! Hur biribil gozoa!