Aitor Montes Lasarte
Familia medikua Aramaion
KOLABORAZIOA

Iruzurra euskararen arloan ere

Osasuna eta ondasuna, eta eman nahi duzuna. Nork ez du nahi bere osasuna zaintzea? Berebiziko garrantzia ematen diogu osasunari, oinarrizko giza eskubidea izaterainokoa. Horrenbestez, doako osasun arreta publiko eta unibertsala eskaintzeko Osakidetza eta Osasunbidea dauzkagu. Osasuna norbanakoarentzat lehentasuna izan daitekeen moduan, hizkuntza herri baten muina da, gauzarik baliotsuena. Azken batean, hizkuntza da herri baten kultura-eramailea, hiztun komunitate bat bere iragan, orainaldi eta etorkizunarekin lotzen duena, belaunaldien arteko hizkuntza-transmisioaren bitartez. Hartara, herri gehienek nahi dute euren hizkuntza gorde.

Norbanakoaren osasunak eta herriarenak bat egiten dute osasungintzan: ez dago kalitatezko osasun arretarik, ez ekitaterik, ez hizkuntza-justiziarik, osasun arreta pazientearen hizkuntzan ematen ez bada: gurean euskaraz. Bestalde, ez da egongo Euskal Herri euskaldun bat, osasun sistema euskalduntzen ez badugu.

Euskara planak eta hizkuntza-politikak ezinbestekoak dira beraz, osasun arreta euskaraz eskainiz norbanakoaren eta hiztun-komunitatearen osasuna bermatuko bada. Osakidetzak bereak sortu ditu: lehenengoa 2005ean eta bigarrena 2013an. Orain une erabakigarri batean gaude; izan ere, aurten III. Euskara Plana garatu behar da. Esan daiteke bidegurutzean gaudela. Baina zoritxarrez, ez dago Euskara Zerbitzuko bururik. Jakin izan dugunez, une honetan kudeaketa bitarteko langile bat betetzen ari da behin- behineko egoeran. Ez daukagu zalantzarik langile fina eta zintzoa dela, eta zorte ona opa diogu bere eginkizunean. Baina ez da langilea finkoa eta, hortaz, ez ditu betetzen gure erakundean edozein zerbitzu-burutzak eskatzen dituen baldintzak.

Legeari jarraituz, Giza Baliabideetako zuzendaritzak kargu hori hornitzeko deialdia zabaldu behar luke, lanpostua eskuratuko duenak III. Euskara Planari ahal bezain laster ganoraz ekin diezaion. Kargu hori betetzeko interesa duen edozeinek, araudiaren arabera, Osakidetzako edozein zerbitzu-erakundetan plaza jabetzan eduki behar du; hau da, langile finkoa izan. Susmoa dugu izendapen askea izanik, Osakidetzako zuzendaritza EPEa amaitu arte itxaroten ari dela deialdi publiko hori zabaltzeko, horrela bere intereserako egokia den lankide bat aukeratzeko xedearekin. Izan ere, teknikari batek ez du hizkuntza-politika erabakitzen: arauak ematen zaizkio, aginduak nagusiengandik. Ez du egiazko botererik erabakiak hartzeko. Eta hori da, azken batean, nahi dutena: morroi bat, mamirik gabeko plan bat egingo duena, botere-guneetatik at eta agintariekin zorretan egongo dena, beldurrak jota. Ez da bidezkoa hain garrantzitsua den euskararen normalizazio-prozesuan horrelako jardunbide ezohikoak eta desegokiak erabiltzea. Ez dio onurarik ekarriko Osakidetzari, Euskara Zerbitzuari, ezta euskarari ere. EPEarekin bezala, iruzurra heldu da, nora eta euskararen arlora. Zerbitzuburu ohiak esan zuenez, Osakidetzan normalizazio-dekretua lehendakariaren eta Osasun sailburuaren eskumena da, ez teknikari batena. Euskara Zerbitzuko burua eurek nahi dutena izango da, eurek nahi dutenean, eurek nahi dutena egin dezan. Eta horretarako itxaron behar bada, ez dago arazorik: EPEa amaitu bezain laster, plaza eskuratuko du, eta orduan zabalduko dute deialdia, kargua hari emateko. Badakigu, jakin, aldez aurretik, nor izango den hurrengo Euskara Zerbitzuko burua. Iruzurra Osakidetzan, iruzurra euskarari. Pazienteen kalterako, gure herriaren kalterako. Osasuna, ondasuna, egin nahi duzuna.