Amalur ARTOLA
DONOSTIA

«Isiltasun urte luzeak», 36ko gerrako hilobiratuen ahotsa

Aldi berean lau hizkuntzatan ikusi du argia Francisco Castro galiziarraren «Isiltasun urte luzeak» (Alberdania) eleberriak. Idazleak 36ko gerran kontzentrazio eremu bilakatu zuten Galiziako pazo edo etxalde batean jazotakoak ekarri ditu literaturara.

«Maitasun istorio» gisa deskribatu zuen Francisco Castrok “Isiltasun urte luzeak” eleberria, baina hori baino irakurketa aski zabalagoa egingo du irakurleak. Bi plano narratibo eta 36ko gerraren itzala daramatzan eleberria da Castrorena, aldi berean lau hizkuntzatan argitaratu dena –jatorrizko galegoa, euskara, katalana eta gaztelera–.

Euskarazko itzulpena Alberdaniak argitaratu du eta Mitxel Murua izan da euskarara ekartzearen arduraduna. Atzo Donostian egin zuten aurkezpenean, Jorge Gimenez Bech editoreak eleberriak piztu duen interesa izan zuen hizpide (horren adierazle aldi berean lau hizkuntzara ekarri izana) eta, hitza hartuta, itzultzaileak eleberriaren gakoak zerrendatu zituen. «Hainbat plano eta korapilo ditu, alde horretatik askotarikoa da egitura, ahots eta trama ezberdinez eraikia», azaldu zuen. Itzulpena egiteko aparteko oztoporik ezean, lanketa handiena garaiko hizkera eta egungoa tartekatzeak ekarri diola esan zuen.

Izan ere, Castrok bi plano narratibotan egituratu du eleberria: orainaldia eta 1936ko uztailaren 18an Galiziako Flaviako pazoan tropa frankistak sartu osteko hilabeteak. Iraganeko planotik Ana, Dario eta Ramonen ahotsa gailenduko da. Medikuaren alaba da Ana. Bere aitak etxeko ateak zabaldu dizkio herri xeheari hezkuntza eta kulturarako sarbidea izan dezaten (teleskopioa, liburutegia eta eskola txiki bat ezarriko ditu bere etxaurrean) eta, haur denetik, Ana aitaren laguntzaile arituko da. Sasoi horretan sartuko dira euren etxean Ramon eta Dario, umezurtzak biak, eta helduaroan –euren bideak bananduta, lehena poeta eta bigarrena militar bilakatuta– Anarekiko maitemina sentituko dutenak. Anxela da kontakizunaren laugarren hanka. Skype baliatuta, prentsaurrekoan Galizatik eman zuen Castrok haren berri: «Biolentzia harreman batetik ihesean dabil. Irakurtzen, pentsatzen duten emakumeen aurkako biolentzia beti da bera, izan 36an edo gaur egun», salatu zuen.

Anak Ramon poetarekin maitasun harremana abiatzean Dario militar frankistak bere gorrotoa askatuko du haiengan eta, bidenabar, ingurukoengan. Hala, euren pazo edo etxaldea kontzentrazio eremu bilakatuko da, gerraren alderik ilunenaren lekuko. «Gerra zibila testuingurua da nobela honetan, uste dudalako gainbegiratzeko asko dagoela gure historian, lurrez estali ziren horiek ezin baitute hitz egin», nabarmendu zuen galiziarrak. «Kulturarekiko maitasunaz» ari den eleberria ere badela esan zuen, «poeta errepresaliatuena, eta diktadurak desegin nahi izan zuen horren aurkako borrokarena».

Biolentziaren prisma

Kontzentrazio eremu horretatik irten gabe, 36ko gerrako biolentzia erakusten du Castrok: «Frankistek edonor izenda zezaketen errebelde, kausa penalik ireki gabe, eta aldi berean euren ondarea bere egin zezaketen, hau da, familiarenganako biolentzia bat ere bazegoen. Pazo horretatik oinak aurretik dituztela aterako dira», aurreratu zuen idazleak.

Eleberria lau hizkuntzatan argitaratzeak gaiarekiko dagoen «interesa» erakusten duela uste du Castrok. «Nobela hau une egokian argitaratu da gainera, XXI. mende betean, non ‘Viva Franco’ gisako adierazpen faxistak trending topic diren Twitterren. Milaka pertsonak hiltzaile bat, genozida bat goraipatzen dute, eta hori ikaragarria da. Gure ardura da aurrez aurre jarri eta ‘hemendik ez zarete pasako’ esatea», ziurtatu zuen.

Era berean, 36ko gerraz «nahiko eleberri» dagoenik ukatu eta berak idatzitakoa ere «beharrezkoa» dela ziurtatu zuen: «Kontakizun faltsutua inposatu nahi digute eta horri aurre egin behar diogula uste dut».