GARA
BILBO

Bizkaiko txakolinaren produkzioak %25 egin du gora azken denboraldian

Bizkaiko Txakolinaren ekoizpena 1,5 milioi litrokoa izan zen 2019ko denboraldian, aurrekoan baino %25,5 handiagoa. Jatorri-deituran izena emandako mahastizainen kopurua 199koa da, eta, atzerriko merkatuei dagokienez, AEBetakoa izan zen horietan nagusia.

Bizkaiko Txakolina Jatorri Deituraren Kontseilu Arautzaileak 2019ko balantzea aurkeztu zuen atzo, Bilboko Beaz eraikinean emandako prentsaurrekoan. Bertan behin betiko datuak ezagutarazi zituzten.

Bertol Izagirre eta Aritza Antolin Kontseilu Arautzaileko kideek eta Maider Zalduondo Kontseiluko Sustapen teknikariak jakinarazi zutenez, 2019ko denboraldian Bizkaiko Txakolinaren ekoizpena 1,5 milioi litrora igo zen, aurreko urtean baino %25,5 gehiago produzituta. Hala ere, 2016an lortutako 1,8 milioi litroko markatik urrun geratu zen.

Izagirreren hitzetan, 2019koa uzta «bikaina» izan da. «Uztek baldintza meteorologiko onak izan dituzte eta horrek freskotasun handiko txakolina eman du, 2018ko uztak baino izaera atlantikoagoa duena», zehaztu du.

2019a ekoizpena berreskuratu den urtea izan dela nabarmendu dute, bereziki aurreko urteko emaitza txarrak kontuan hartuta. Ekoizpenean mahasti berriak sartu izanak eragin handia izan du hobekuntza horretan. Hala ere, mahats ekoizpena ez da nahikoa izan sektoreak zituen itxaropenak betetzeko 2018ko uzta urriaren ondoren.

Ekoizleak klima aldaketaren ondorioak nabaritzen ari dira azken urteetan. «Orain ikusten ditugun heltzeak pentsaezinak ziren duela 25 urte», adierazi zuen Izagirrek.

Egun, Jatorri Deituran izena emandako mahastizainak 199 dira, 428 hektarearekin. Txakolin zuriak jarraitzen du ekoizpen nagusia izaten, guztizkoaren %97,7. Hala ere, beltzak %0,92tik %1,24ra egin du gora eta gorriak, %0,28tik %0,58ra.

Aurreko denboraldian merkaturatutako txakolin kantitateak errekor berria erregistratu ondoren, 16.591 hektolitro, azken urtealdian zifra ohikoagoetara itzuli da, 14.663 hektolitrora.

Kanpoko merkatuak

Produktuaren merkatu nagusia Bizkaia izanda ere, kanpoko merkatuak finkatzen ari dira. Herbehereetan gertatu da salmentetan hazkunde adierazgarriena, 1,3 hektolitrotik 62,37ra. Merkatu japoniarra, aldiz, 141,2 hektolitrotik 52,2ra jaitsi da. Kanpoko merkatu nagusi izaten segitzen dute Ameriketako Estatu Batuek, esportatutako 223,7 hektolitroekin.

Izagirrek adierazi duenez, «Bizkaiko txakolina oraindik ere sektore txikia izan arren, hazten ari da, baita dinamismoa irabazten ere».

Jatorri Deituraren produktu nagusia ardo gaztea da, baina barrikan hartzitutako ardoa ere gora egiten ari da, eta horrek, azaldu duenez, jatetxeetako ardo-kartetan sartuz merkatua zabaltzeko aukera ematen du.