Joseba Garmendia
EHUko irakaslea
GAURKOA

Txikia edo handia hobe?

Azken ehun urteetan herrialde independenteen kopurua hirukoiztu baino gehiago egin da. 1914an 62 estatu subirano baino ez zeuden mundu osoan. Gaur egun 194. Horietarik 54k 2 milioi biztanle baino gutxiago dituzte eta 34 herrialdek 500.000 egoiliar baino gutxiago. Europan esate baterako Luxenburgo, Malta, Islandia, Andorra, Monako eta Liechtenstein milioi erdi biztanleren bueltan eta azpitik daude. Datu hauek aukeratu ditut oraindik orain badaudelako ahotsak estatu baten bideragarritasun eta emaitza ekonomikoak herrialdearen tamainarekin lotzen dutenak, aldarrikapen subiranista edo independentisten aurka egiteko. Kausalitate hori marrazteko erabiltzen dituzten argudioak logikoak izan arren, eta neurri batean garai konkretu batean pisu handiagoa izan, ebidentziak erakutsi du tamaina ez dela arazo, edo behintzat txikitasunari leporatzen zaizkion ahuldadeak eta oztopoak gainditu daitezkeela.

1950eko eta 1960ko hamarkadetan teoria ekonomiko estandarrak defendatzen zuen herrialde txikienek kostuen desabantaila argia izan behar zutela, bai sektore pribatuan, bai publikoan, herrialde handienekin alderatuta. Nazio txikiei egozten zitzaizkien biziraupen eta oparotasunerako aukera ekonomikoen inguruko zalantzak hainbat argudiotan oinarrituta zeuden.

Lehenik, barne merkatu txikia dutenez eskala ekonomien abantailak (unitate kopuru handiagoa produzitzerakoan ondasun unitatearen kostuak murriztea, alegia) ezin dira ustiatu, eta ikerketaren, garapenaren eta sektore teknologikoaren esparruan zailagoa da gutxieneko efizientzia maila lortzea. Horri lotuta, barne mailako lehia ahulagoa denez, esleipen ez-eraginkorra eragin dezake kalitate eta kostuetan nazioarteko estandarretara ezin iritsiz, eta bide batez, esportaziorako beharrezkoak diren gaitasunak eskuratzeko aukerak ahulduz. Bigarrenik, esportazioetan geografikoki espezializatuagoak egoteak edo barne ekoizpenaren gama murritzagoa izateak zaurgarriagoak bihurtzen ditu zikloaren bat-bateko aldaketen aurrean; eta gainera, krisien aurrean barne orekarako mekanismoak mugatuagoak dira eta botere gutxi dute nazioartean interes ekonomikoak defendatzeko. Azkenik, sektore publikoari dagokionez, kostuen desabantaila ere sortzen da. Izan ere, hainbat ondasun eta inbertsio publikok (adibidez, ospitaleak, autobiak, defentsa, irrati seinalea, itsasargiak…) gutxieneko kostu finkoa izan ohi dute, zergen bitartez finantzatu beharrekoak, eta biztanle kopurua murriztu ahala norbanakoaren zama handitzen da.

Ekonomia estandarraren iragarpen teorikoak aurreikusten duenaren kontra, ordea, herrialde txiki ugarik aberastasuna eta ongizatea sortzeko gaitasun sendoa erakutsi dute. Esate baterako, bereziki oso txikiak diren herrialde batzuk, Liechtenstein eta Luxenburgo kasu, per capita BPG altuena duten munduko herrialdeetakoak dira. Badira hainbat ikerketa tamainaren eragina aztertu dutenak: Gantner (2002): “Small countries: recipes for economic success”, Kocher (2002): “Very Small Countries: Economic Success Against All Odds” eta Credit Suisse Research Institute (2014): “The success of small countries” esaterako.

Lehen biek tamaina eta emaitza ekonomikoaren artean estatistikoki esanguratsua den harremanik aurkitu ez, eta tamainak ez duela axola ondorioztatu dute. Azken ikerketak, ordea, 58 herrialdetako lagin bat hartuta eta 32 urtetako (1980-2012) datuak aztertuta, harreman negatiboa topatu dute, hau da, zenbat eta tamaina handiagoa orduan eta per capita errenta baxuagoa. Beste aldetik, hainbat faktore (Giza Garapen Indizea, enpresaren azpiegitura ukiezinen indizea, enpresaren globalizazio indizea…) barneratzen dituen ‘sendotasun adierazlearen’ arabera ordenatutako lehen hamar herrialdeen artean sei herrialde txiki daude. Gainera, aberastasunaren desberdintasuna ez da hain nabarmena herrialde txikietan, handienekin alderatuz gero. Azkenik, independentzia lortu duten herrialde berriek, oro har, hobetu egin dute giza garapenaren sailkapena, Kroaziak, Esloveniak eta Herrialde Baltikoek, esate baterako. Nazio Batuetako PNUD erakundeak eskaintzen duen Giza Garapenaren Indizearen araberako sailkapenari erreparatuz gero, munduko 30 herrialde garrantzitsuenen erdiak baino gehiago herrialde txikiak dira.

Ondasun, zerbitzu eta inbertsio publikoei loturiko kostu desabantailei dagokienez, herrialde txikiak gai dira ondasun publikoen ekoizpen eta hornidura kostuak baxu mantentzeko. Horretarako, hainbat estrategia erabiltzen dituzte: a) eskala ekonomiarik handienak dituzten ondasun publikoak ez hornitzea, hala nola Costa Rica, armadarik ez duena; b) ondoko herrialdeei zerbitzuak azpikontratatzea, hala nola osasuna eta hezkuntza; c) ondasun publikoak herrialde oso txikien beharretara egokitzea eta haien hornidura eskuragarri egitea. Zentzu honetan adibide egokia dira Liechtenstein eta bere 37.000 biztanleak.

Azkenik, badago herrialde txikien aldeko argudio multzo bat, orokortzea zalantzagarriagoa bada ere. Hainbat autorek diote herrialde txikiek homogeneotasun, kohesio eta koherentzia sozial handiagoa izan ohi dutela, eta horrek gizarte heterogeneotasunaren kostu txikiagoak dakartzala. Bestalde, herrialde txikiek «distantzia» txikiagoa dute politikari edo burokraten eta herritarren artean, malguagoak dira erabakiak hartzerakoan, erabaki politikoak hartzea eraginkorragoa dela dirudi eta hautesleria aldaketara irekiago dagoela esan ohi da. Batzuk herrialde txikiek pilaketa kostu txikiagoak jasaten dituztela esatera ere iritsi dira, hain zuzen ere, aglomerazio urbano gutxiago izaten dituztelako. Alde horretatik, argi dago ez zirela Hong Kong edo Singapurren pentsatzen ari.