GARA
BARAKALDO

Etxegabetuko duten matxismoaren biktima batentzat, irtenbide eske

Erakunde feministetako eta pobreziaren aurkako elkarteetako kideek elkarretaratzea egin zuten atzo, Barakaldon, Udalari indarkeria matxistaren biktima izan den 41 urteko emakume baten eta bere 6 eta 15 urteko semeen kasuari «irtenbide duina» eman diezaiola eskatzeko. Etxetik kanporatuak izateko arriskuan daude.

Udaletxe aurreko elkarretaratzean, Argitan Emakumeentzako Aholku Etxeak eta Berri Otxoak pobreziaren aurkako plataformak salatu zuten «administrazio publikoek, etxegabetze horiek sustatzean edo baimentzean Nazio Batuen Erakundearen eta Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegiaren ebazpenak urratzen» dituztela; izan ere, azpimarratu zutenez, ebazpen horiek «etxebizitza alternatibo bat eskatzen dute prekarietate-egoeran dauden familiei eragiten dietenean eta, bereziki, kaltetutako adingabeak daudenean».

Horren harira, nabarmendu zuten erakundeek ez dietela «behin betiko konponbide duina eskaini» biktimei prozesuaren azken urte eta erdian, «agiri bidez frogatutako indarkeria matxista egoera bizi eta kaltetuek behin eta berriz irtenbide bat bilatzeko saiakerak egin zituzten arren».

Barakaldoko Lehen Auzialdiko Epaitegiak hilaren 26an, 9.15ean, hiru pertsona horiek kanporatzea erabaki du, «indar publikoen laguntzarekin» «beharrezkotzat» joz gero. Etxebizitza (Bagatza auzoko La Felicidad kaleko 5. zenbakia) Alokabide sozietate publikoak eskatu du, 2018an 184 familia etxetik bota zituenak, Berri Otxoak eta Argitan elkarteek salatu dutenez.