Ibai AZPARREN
IRUÑEA

Nafarroako Hezkuntza Ituna betetzea exijitu dute sindikatuek

Nafarroako Irakaskuntza Publikoaren Kalitatea Hobetzeko Ituna sinatu zuten LAB, Afapna, ANPE, CCOO, UGT eta Steilas sindikatuek elkarretaratzea egin zuten atzo Nafarroako Gobernuaren egoitzaren aurrean, Maria Chiviteren exekutiboak «sinatutako akordioan ezarritako baldintzak betetzeko asmorik ez duela» salatzeko helburuarekin.

2018. urtean Hezkuntza Ituna sinatu zuten sindikatuek –LAB, Steilas, Afapna, ANPE, CCOO eta UGT– Nafarroako Gobernuak ez duela akordio hori betetzeko asmorik salatu zuten atzo, eta ohartarazi zuten «sinatutakoa aurrera eramateko diru zuzkidura aski» ez dutela sartu 2020ko aurrekontuetan.

Sindikatuetako ordezkariek elkarretaratzea egin zuten Nafarroako Jauregiaren aurrean, “Neurri guztiak bete” lelopean. Horien izenean, LABeko Ainhoa Diazek eta Steilaseko Aitor Lakak agiri bat irakurri zuten, eta haren bidez Chiviteren exekutiboari eskatu zioten 2020ko aurrekontuetan eragina duten ituneko neurriak finantzatzeko.

Horien artean daude, azaldu zutenez, 57 urtetik gorako langileentzat irakastorduak murriztea eta ikastetxeei orduak ematea, «zuzendaritza funtzioak betetzeagatik galtzen diren orduak konpentsatzeko». Diazek azaldu zuen neurriak milioi bat eurokoak izango liratekeela. Neurri horiek ez daude aurrekontuetan jasota, eta berez jada ez direla beteko azpimarratu zuen Diazek: «Gobernuak ituna bete nahi duela esaten du baina, aldi berean, gauzatzeko dirurik ez dutela».

Bide batez, egutegia behar dela esan zuten, garatu gabe dauden beste neurri garrantzitsu batzuk gauzatzeko: «Ituna aurkeztu zenetik etengabe exijitu dugu memoria ekonomikoa aurkeztea, Hezkuntza Itun osoa ezartzea zer kostatuko litzaigukeen jakiteko». Memoriarik gabe «zer kostu duen esateko daturik» ez dutela kritikatu zuten.

Egoera horren aurrean, «zentzuzkoa eta beharrezkoa» iruditzen zaie neurri horiek diruz hornitzea aurrekontuetan, eta horregatik eskatu zuten hilaren 27an, aurrekontuak onartu aurretik, in voce zuzenketa baten bidez neurri horiek 2020ko kontuetan sartzeko. Bestela, egun berean mobilizazioa egingo dutela ohartarazi zuten eta bertan parte hartzeko deia luzatu zieten irakasleei, baita jendarte osoari ere.

Bestalde, Hezkuntza Itunaren sinatzaileen ustez, aurrekontu proiektuak «ez dio baliabide nahikorik ematen hezkuntzari, hezkuntzako gastuaren ehunekoa aurrekontu osoaren %17tik %16ra murriztea dakarrelako». Bestalde, Gobernu Itunak barne produktu gordinaren %5 Hezkuntzan inbertitzeko helburua ezarri zuen, baina horri heltzeko «gogo gutxi erakusten» dutela azpimarratu zuten sindikatuek.