eAndoni ARABAOLAZA
ANDINISMOA

Ipar Patagonia ezezagunean emaitza bikainak lortu dituzte

Lukas Hinterberger, Nicolas Hojac eta Stephan Siegristek osatutako espedizioak Cerro Cachet-en ipar-ekialdeko hormanbide berri bat zabaldu dute. Murruaren lehen igoera izan da. Suitzarrek diote Grandes Jorasses mendiaren antz handia duela.

Ipar Patagoniako Izotz Zelaian dauden mendiak ez dira batere garaiak. Baina esplorazioa bilatzen dutenentzat ingurumari arras erakargarria da. Hala pentsatu zuten Lukas Hinterberger, Nicolas Hojac eta Stephan Siegristek. Eta hori diogu, joan den urtean, azaroaren 3tik abenduaren 15era, alpinista suitzar hauek urrutiko paraje izoztu hori bisitatu dutelako.

Emaitza, berriz, azpimarratzekoa da. Bertako girora egokitu ahal izateko, Cerro Palomar mendiaren (1.900 m) gailurra zapaltzen lehenak izan ziren. Ondoren, espedizioaren helburu nagusiak heldu ziren. Aipatu dugun fase hori indartzeko, Nef glaziarretik 23 kilometroko ibilbidea egin eta gero, Cerro Largoren (2.799 m) bigarren igoera sinatu zuten. Eta espedizioaren izarra Cerro Cachet (2.700 m) izan zen. Ipar-ekialdeko horman 1.500 metroko mistoko bide bat (M7+) zabaldu zuten

Oro har, horiek dira Siegrist eta enparauek erdietsitako emaitzak. Hain zuzen ere, hurrengo lerrootan protagonistak berak GARAri luze eta zabal azaldu dio Ipar Patagoniako Izotz Zelaian egin zuten jarduera alpinistikoa.

«Omenaldia»

«Duela 25 urte, lehen aldiz bisitatu nuen Patagonia. 21 erpin igo ditut, besteak beste, sona handia duten Fitz Roy, Cerro Torre eta Cerro Stanhardt. Nire hemeretzigarren espedizioak, lehen aldiz, Txileko Ipar Patagoniako Izotz Zelaira eraman nau. Nicolas Hojac, Lukas Hinterberger eta hirurok Cerro Cacheten ipar-ekialdeko horman bide zoragarri bat zain genuen.

»Han eta hemen begiratu ostean, ohartu nintzen hormatzar horrek ez zuela igoerarik. Oso erakargarria da; tentea zein zorrotza. Horrek guztiak Grandes Jorasses gogorarazten dit.

»Kanpaleku nagusira iritsi bezain laster, ohartu ginen Patagonian geundela. Hango klimak ez zigun harrera oso atsegina egin. Egunero euria egin zigun, diva batek bezala. Eta ez dut txatxetan esaten: lehen hiru asteak kanpaleku nagusitik irten gabe egon ginen. Campuseko taulan entrenatzen, xake partida batzuk jokatzen, irakurtzen, gitarra jotzen... Horrela pasa genituen egun luze horiek. Baina guk, berez, eskalatu egin nahi genuen. Aste horietan 48 orduko leiho on bat aprobetxatu eta Cerro Largora igo ginen. Izotz perretxiko batek haren gailurra apaintzen du, eta esan behar dut asko eskatzen duen mendi eskiko ibilaldi bat izan zela. Amaieran soilik izotzezko pasarte bat gainditu genuen. Onartu behar dut inguru horretan dagoen paisaia liluragarria dela, eta hango mendietara egokitu ahal izateko irteera egokia izan zela. Alabaina, ez zen espedizioaren xede nagusia.

»Azkenean, Cerro Cacheten deia jaso genuen. Hasi bezain laster, zintzur sakon batekin egin genuen topo. Horma guztiak antzigarrarekin estalita zeuden. Bederen, irudi horrek aurreko egun euritsuak geure buruetatik ezabatzeko balio izan zigun. Oso motibatuta geunden. Goizeko hamarrak aldera, 2.045 metrora ginen; hain justu, 600 metroko hormatzar baten aurrean. Horiek guztiak, gainera, ukitu gabeak. Mundu bertikalaren orban zuri bereziak dira. Cerro Cachetera eginiko espedizioa baino lehen, beste bi taldek gailurra zapaldu dute. Hori bai, eremu askoz ere samurragotik igo ziren; hots, izotz zelaira begira dagoen aurpegitik.

»Eskaladaren lehen 80 metroak aise gainditu genituen, baina arrokara itsatsita zegoen izotz mehea oso azkar urtzen ari zen. Bazirudien gurina mikrouhin batean sartu genuela! Goialdetik, gainera, izotz puskak erortzen hasi ziren. Egoera horrek azkar mugitzera behartu gintuen.

»Denbora ez galtzeko, eskaladarako tresneria guztia, arnesetan zintzilikatuta eduki beharrean, bizkar-zakuetan gordeta genuen. Baina benetako eskaladari ekiteko unea iritsi zen. Geure buruak babesteko apenas zegoen tarte egokirik. Hauek aurkitzeko garbiketa lan izugarria behar izan nuen egin. Eta pioletek ere zaila zuten granito horretan era seguru batean eusteko.

»Egoera ez zen batere segurua. Beste tarte diagonalean eskalatu eta bilera bat antolatu nuen. Lukas eta Nicok arreta handiz eta erorikorik gabe eskalatu behar zuten; izan ere, balizko pendulua oso arriskutsua zen.

»Hemendik aurrera, nire sokakideek ikasi duten guztia indarrean jarri behar zuten. Suitzako Talde Alpinoaren eliteko ordezkariak direnez, eskarmentua badute. Nicok, adibidez, Eigerreko ipar horma 18 urterekin eskalatu zuen. Lukasekin, gainera, Pakistanen zein Txinan espedizioak egin ditu. Hurrengo hiru luzeetan Nicok sokaburu jardun zuen. Arrokazko ertz tente batek buruhausteak eragin zizkion. Batez ere, babesteko tresneria sartzeko aukerarik ez zuelako izan. Gogor borrokatu ondoren, bilgunera iritsi zela entzun genion. Hurrengo tartea (60 metro) izotzezko kanal bat zen. Ez zen zaila, baina haren azpian ura zegoen. Bileratik oihu ozen bat entzun genion: ‘Izotz nazkagarri hau’. Baldintza kaskar horiekin borrokatzen jarraitu zuen. Zorionez, seguru bat jartzea lortu zuen.

»Nef glaziarra oso behean ikusten zen. Tximinia bat aurrez aurre genuen. Lukasen unea iritsi zen. Oso-oso estua da, bere aldakak itsatsita zeuden eta kranpoiek ateratzen zuten hotsa ozena zen. Metroak ez, baizik eta milimetroak irabazten ari zen. Une jakin batean, seguru bat jarri zuen, eta egoera pixka bat lasaitu zen.

»Hurrengo luzea, bidearen giltza izan zen. Zailena: M7+. Errazak ziren beste 120 metro eskalatu ondoren, gailurrerira heldu ginen. Tontorra gertu genuen, baina aurretik izotzean zein elurrean sekzio samur batzuk gainditu genituen.

»Kanpaleku nagusi aurreratutik gailurrera heltzeko 12 orduko jarduna egin genuen. Cerro Cacheten puntu gorenean ginela, elkar besarkatzeko unea iritsi zen. Eskalatu genuen murruak asko eskatzen du, zorrotza da, baina indarrean jarritako taktika bikaina izan zen. Gainera, aukeratuko bidearekin asmatu genuen.

»Gure kide Julian Zankerren omenez oroigarri txiki bat han bertan utzi genuen. Julian, berez, espedizio honetara etorri behar zen, baina joan den urteko otsailean Eiger mendiaren ipar horman izandako istripu batean zendu zen. Denbora gutxian, beste bi lagun hil ziren: David Lama eta Ueli Steck. Horregatik guztiagatik Cerro Cacheten zabaldu dugun marrari ‘Galdutako lagunei omenaldia’ deitu diogu.

»Arratsaldeko zazpiak ziren, eta oraindik jaitsiera zain genuen. Bide zuzen bat rappelatu ondoren, gauerdiarekin batera kanpaleku nagusi aurreratura onik iritsi ginen. Biharamunean, baso batean babestuta zegoen kanpaleku nagusira iritsi eta tentsioa guztiak askatzeko denbora hartu genuen.

»Patagoniara egin dudan azken espedizio hau ‘déjà vu’ bezala hartu dut. El Chaltenera eginiko lehen bisita horrekin gogoratu nintzen. 90eko hamarraldia zen, eta herrixka horrek etxe gutxi batzuk baino ez zituen. Basatia zein bakartua; hots, nik atsegin ditudan espedizioak dira: ‘Into the Wild’».