GARA
Donostia

Erakunde arteko mahaia hasi da tasa turistikoa Gipuzkoan ezartzeko lanean

Gipuzkoan tasa turistikoa ezartzeko sortutako Erakunde Arteko Mahaiak lehen bilera izan zuen atzo, Donostiako Udaleko eta Aldundiko ordezkariekin. Mahaiaren lehenengo lana azterketa «zorrotz» bat egitea izango da, zergaren abantaila eta desabantailak baloratzeko.

Gipuzkoan tasa turistikoaren ezarpena aztertuko duen Erakunde Arteko Mahaiak, Foru Aldundiko eta Donostiako Udaleko ordezkariek osatuta, lehenengo bilera egin zuen atzo.

Ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa Inguruneko diputatu Imanol Lasa, Ogasuneko eta Funantzetako diputatu Jabier Larrañaga, Donostiako alkate Eneko Goia, Marisol Garmendia zinegotzi delegatua eta Udaleko arduradun teknikoak parte hartu zuten bileran.

Erakunde arteko mahai honen sorrerak Gipuzkoan tasa turistikoa aplikatzeko estrategia diseinatzeko abiapuntua ezarri zuen.

Bileraren ostean iragarri zutenez, gutxika emango dituzte tasa hau ezartzeko pausoak eta, lehenengo eta behin, indarrean dagoen legediaren eta arlo honekin lotura duten foru arauen azterketa «zorrotza» egingo du Mahaiak, bi erakundeen txosten teknikoak partekatuz.

Ezer egin aurretik, beraz, «tasaren abantailak eta gabeziak» aztertu asmo dituzte, eta «horren ezarpena ahalbidetuko lukeen marko berri baten oinarriak jarriko lituzkeen txosten bateratu bat osatu».

Bestalde, nazioartean begiratuko dute, turismoari lotutako fiskalitatearen praktika onen ereduak bilatzeko.

Zama arintzeko tasa

Imanol Lasa diputatuak gogorarazi zuen «gehiengo sozial eta politiko bat» dagoela tasa turistikoa martxan jartzearen alde, eta lurraldeko Batzar Nagusien «aho bateko babesa» berretsi zuen. Tasa honek eragingo duen «dirusarrera berri» hori beharrezkotzat jo zuen diputatuak, izan ere, nabarmendu zuenez, turismoa «indarrean egon arren», sektorea «ez dago oraindik heldua».

Gaineratu zuen, orobat, turismoari zerga aplikatzeko eman beharreko urratsak turismoaren sektoreko eragileekin, beste udalekin eta alkateekin «modu adostuan» emango direla.

Eneko Goia Donostiako alkateak adierazi zuen Mahaia martxan jarri izana «aurreneko pauso bat» dela Gipuzkoako hiriburuan tasa turistikoa «behar bezala» ezartzeko bidean. Bere ustez, zerga honen ezarpena «Donostiak luzaroan bilatutako helburua da, fenomeno turistikoa jarduera jasangarri bihurtzeko egiten ari den apustuaren barruan».

«Uste dut tasa turistiko batek sortuko lituzkeen diru sarrerek balioko luketela Donostian turismo helmuga erakargarri bat izatearen ondorioz pairatzen dugun zama arintzeko», agertu zuen Goiak.

2019ko abenduan, EAE osorako tasa turistiko bat ezartzea deliberatu eta gero, Lakuako Gobernuak Foru Aldundien esku utzi zuen tasaren aplikazioa. Soilik Gipuzkoak jarri ditu martxan zerga aplikatzeko neurriak.