27/02/2020

Hautagaitzak aurkezteko epea gaur amaituko da Iparraldean

Martxoaren 15ean eta 22an egingo diren udaletarako eta Euskal Hirigune Elkargorako bozetarako hautagaitzak aurkezteko epea gaur amaituko da, 18.00etan. Hori da astelehenean kanpainari hasiera ofiziala eman aurretik egin beharreko azken izapidea. Euskal Elkargoko kontseilariak hautetsontzien bitartez aukeratuko dituzten aurreneko aldia izango da, 2017an, erakundea sortu zenean, udal ordezkaritza haztatuz egin baitzen hautaketa.

Maite UBIRIA BEAUMONT|BAIONA
0227_eh_veunac

Araudiari dagokionez, berritasun bat ekarri dute martxoan egitekoak diren hauteskunde hauek. Izan ere, ezin da hautagaitzarik aurkeztu erregistratzeko epe ofiziala itxi ondoren. Gaur amaituko da epe hori, arratsaldeko 18.00etan.

Hauteskundeei begirako transakzioak eta zerrenden osaketa azkartzera behartzen duen aldaketa honek azal dezake joan den astelehenean Herve Jonathan Baionako suprefetak esandakoa. Ohartarazi zuenez, hogei bat herri elkargok izena emateko tramiteak noiz osatuko zain zeuden oraindik.

Izapide hori derrigorrezkoa da herri guztietan, nahiz eta hauteskunde sistema desberdina den mila biztanletik beherako herrietan eta kopuru horretatik gorakoetan.

Martxoaren 15eko lehen itzulira aurkeztuko diren zerrendak martxoaren 2an argitaratuko dira, kanpaina ofizialki hasiko den egunean.

Bi itzuliko sistema izanik, bigarrenera aurkeztuko diren hautagaiek martxoaren 15eko lehen bozketaren ondoren berritu beharko dute izen-ematea; zehazki, martxoaren 16an eta 17an egin ahal izango dute.

Boto-paper bakarra, bi boto

Hauteskunde hauen elementu berritzaileena da Euskal Hirigune Elkargoaren lurralde esparruan sartutako udalak berritzeko botoa emateaz gain, aurrenekoz hautetsontzien bidez berrituko direla Zuberoa, Nafarroa Behera eta Lapurdi barne hartzen dituen erakundeko karguak. 2017ko urtarrilean sortu zen erakundea eta karguak udal ordezkaritzak haztatuz aukeratu zituzten.

Martxoaren 15ean eta 22an, mila biztanletik gorako herrietan bizi diren euskal herritarrek (Euskal Elkargoaren esparruan dauden 158 udaletatik 41) udal kudeaketarako hautagaien eta Euskal Elkargoko kontseilari izateko hautagaien izenak aurkituko dituzte boto-paperetan.

Herri txikienetan udal kontseilariak aukeratuko dituzte, eta bozen osteko lehen osoko bilkuran, alkateak eta Euskal Elkargoan udalerria edo herri elkargoa ordezkatuko duten hautetsiak aukeratuko dituzte.

Hauteskunde horien dimentsio bikoitzak azaltzen ditu ohiz kanpoko ekitaldi batzuk. Horrela, herrien arteko lehia gaindituz, Jean-Rene Etchegaray Baionako alkate eta berrautaketarako hautagaiak Biarritzera joateko zalantzarik ez zuen izan asteartean. Nathalie Motsch hautagaiari babesa ematera joan zen, Michel Veunacek duen aginte makila lortzen saiatuko den zerrendaren aurkezpenera.