Aitziber Pz. Karkamo
Kazetaria
AZKEN PUNTUA

Etxea toki segurua ez denean

Albiste bakarra denean, albistegarriak albiste izateari uzten dio. Hau guztia hasi zenean ezkorra nintzela esan zidan norbaitek. Ez nintzen Covid-19az ari, gutako askorentzat babesleku diren bezala, etxea infernu duten horiei guztiei buruz baizik. Eta jazo behar zena jazo da. Soraluzen. Jazo behar dena jazotzen ari da, uste baino gehiagotan.

Egunotan sarri begiratzen dugu leihoetatik. Txakurrarekin edo presaka dabiltzan horiei begiratu ordez, parean ditugun etxeei so egiten diegu eta barruan jazotzen ari dena irudikatzen ere saiatzen garela esanen nuke. Baina ez dugu benetan barruko horien bizitzaren jakitun izan nahi. Ez gara gai eta ez genuke jasango etxe gehiegitan bizi dena irudikatu bagenezake.

Murrizketen aurrean kontzientzia kolektiboaren handitzea. Plazak husteko agindua, erantzunkizunezko jarrera. Gure espazio txikiak inoiz baino geureagoak bilakatzeko egunak dira. Norberak berea duen tokian inoiz baino erosoago sentitzeko egunak dira. Arnasa kendu digutela sumatzen dugu, arnasa hartzearen garrantziaz inoiz baino kontzientzia handiagoa dugunean. Gurekin, gure arnasarekin, arduratzen ari diren horiei merezitako txalo zaparrada eskaintzen diegu gauero, gero berriz ere etxeko leihoak ixteko.

Badirelako leiho itxiak dituzten etxe gehiegi eta arnasarik gabe bizi diren asko.