Itziar Aizpurua Egaña
Ezker abertzaleko militantea
KOLABORAZIOA

Kartzeletako berrogeialdiak

Bisitarik gabe, etxekoen goxotasuna telefono dei ziztrin bakanetara mugatuta, lehen ere berrogeialdi gogorragoak bizi izan dituzuenoi zer esan behar dizuegu egoera xelebre honetan geure etxeetan konfinaturik gaudenok!

Grande Marlaskak aginte makila hartu duela jakin dudanean, ezin izan dizuet idatzi gogorregi egiten zaidalako. Ez, hain zuzen, berrogeialdia luzea izango den beldurrez, pertsonaia malapartatu horrek noiz arteko agintea izango duen kezkagatik baizik.

Jakinda birus honek duela lehentasun osoa, hala eta guztiz, ezin dut kezka saihestu nork hartu behar duen gure segurtasunaren erantzukizuna herri gisa Euskal Herrian, Katalunian eta gainontzekoetan.

Azkarrak bezain zehatzak izanik hartu beharreko kontra-neurriak egoera larri honetan, nire ustez ez dira oso fin ibili ez Espainiako Gobernua, ezta Gasteizkoa eta Iruñekoa ere. Zer esanik ez Macron jauna, hauteskundeak ez ditu-eta bertan behera utzi ere. Guztiak, diruaren esanetara makurturik, eta kalteak ikusi ahala bat-bateko jardunean, inprobisatzen, alegia. Lehian, gu guztion kalterako birusa bere bidea egiten ari den bitartean.

Egia esan, ez da erraza izango hau kudeatzea, eta are zailago kontrolatzea, baina agintearen ordez kontra-agintea eragiten digutenei aurre egitea ezinbesteko dugu guztiok. Eta hor herritarren botoak jaso dituztenek, Gasteizko zein Iruñeko gobernu eta legebiltzarreko jendeak badu erantzukizuna.

Alarma egoeran gaude. Bai! Baina alarma sortu duena birus zital eta kutsakor bat da, eta ez herritarrok; beraz, ez dugu inolaz ere eskubide zibil eta politikoak zapaltzen dituen gure aurkako neurririk onartu behar. Ezin da onartu berrogeita bat urteren ondoren, herritarren borroka aunitzi esker lortutako aurrerapenak bertan behera uztea. Segurtasunak, hitzak dioen legez, askeak izan gaitezen lagundu behar digu, eta gizarteak garbi du gugan, herritarrongan, duen eragin handia.

Segurtasun eta osasun eskuduntzek dituzten gabeziak dituztela ere, Espainiako Gobernuak, PSOEk eta Podemosek, lapurtzea egoeraren larritasunaren izenean, aitzakia besterik ez dela diot. Dugun gutxi hori, geurea dena, bestalde, behingoz berenganatzeko egindako ahalegina da, aspalditik baitabiltza bide oker horretatik. Une larrienean, elkartasuna eta auzolana behar denean, hemen eta han nork agintzen duen jakin dezagun edo, hobeto esanda, ahantz ez dezagun, alegia. Izan ere, hori da azken batean Espainiako agintean daudenentzat bete beharreko «lana», agintean dagoena dagoela, horrela jokatu dute, eta euskaldunok ederki asko dakigu hori.

Hala eta guztiz, ez dugu amore emango, nahiz Espainiako presidenteari lehendakariak emandako erantzuna epelkeria hutsa besterik izan ez, eta Nafarroako presidentearena erabat amore ematea, herritarrok aurkituko dugu berriz ere subiranotasunaren bidea, horretan baikabiltza. Izan ere, burujabe izatera hortik soilik heldu gintezke, geuk geure lurraldean erabaki eta kudeatzea dugun egoera dugula.

Grande Marlaskarekin hasi eta bukatu nahi dut gaurko artikulu hau, gure artean Covid-19 birusa baino birus beldurgarriagoak badirela esanez. Euskal herritar guztion segurtasun osoaren buru eta jabe dena, Euskal Herriko herritar torturatu askorentzat ondo ezaguna eta euskal presoen hiltzaile gaur egun ere, beti izango da Euskal Herriaren etsai; beraz, nekez ekar diezaguke ezer ona, eredugarria, eta eraikitzailea... Utikan!

Euskal preso eta iheslari politikoak gure gogo-bihotzetan!