Arantxa MANTEROLA

EKATE, ENERGIA BERRIZTAGARRIEN GERTUKO SAREAK ADIMENTSU BILAKATZEKO PROIEKTUA

Argindarraren gertuko ekoizpena eta kontsumoa ahalik eta era eraginkorrenean bultzatzeko, biharko sare elektrikoak dezentralizatua, deskarbonizatua, digitalizatua eta adimentsua izan behar du. Premisa horietatik abiatuta jaio da Ekate mugaz gaindiko proiektua. Europako Poctefa funtsei esker, dagoeneko lehen urratsak egiten hasi da.

Energia fotovoltaikoan oinarritutako ekoizpenaren eta autokontsumo kolektiboaren arteko oreka kudeatuko duen sistema abian jartzea da Ekate-ren zioa. Izenak proiektuaren mamiari egiten dio aipu. «Ekate ‘eki’ eta ‘kate’ hitzez osatutako akronimoa da, eguzkiaren argia eta ‘blockchain’ teknologiaren uztarketa irudikatzen duena», azaldu du Iban Lizarralde egitasmoaren arduradunak.

Estia eskolan, ekodiseinua irakasten du Lizarraldek. Bidarteko goi-mailako Ingeniaritza Eskolak baditu beste bost bidelagun proiektua aurrera eramateko: EHUko Gipuzkoako Ingeniaritza Fakultatea, Nafarroako Enercluster, Perpinyako Tecsol enpresa eta Derbi elkartea eta Lleidako Cimne zentroa.

Duela hamarkada batzuk abiatutako zentralizazio estrategiaren ondorioz, bistakoa da gaur egun energia sistema zentralizatuek dutela nagusitasuna; hots, zentral termikoak, nuklearrak edota urtegi handiak oinarri dituztenak. Alta, energia hori banatzerakoan «zenbait arazo» sortzen direla nabarmentzen du Lizarraldek; besteak beste, energia galerak edota aberastasunaren eta boterearen kontzentrazioa.

Arazo horiei aurre egiteko alternatiba gero eta gehiago sortzen ari dira han eta hemen munduan zehar. «Etorkizuneko tendentzia sistema txikiagoak, deszentralizatuak garatzea da. Ez bakarrik indibidualki, baita taldean edota kooperatiba txikietan batuta ere. Eta batez ere sistema garbiak, eguzkia, esaterako», zehaztu du.

Oreka bilatu

Hain zuzen, eguzkia du ardatz Ekateren proiektuak; zehazkiago, panel fotovoltaikoen bidez sortutako energia era egoki eta eraginkorrenean kudeatzeko sistema. Argindarra metatzea oso konplikatua denez, ia ezinezkoa maila txikietan bederen, ekoitzitako energia momentuan erabili behar da. Hortaz, beharren eta ekoitzitakoaren arteko oreka ahalik eta egokiena lortzean datza erronka. «Hori lortzeko –azaldu du Lizarraldek– ezin da enpresa baten urteko kontabilitatea bailitzan jardun; hau da, urtean zehar kontsumitutakoa oinarritzat hartu eta hurrengorako zenbat beharko litzatekeen aurreikuspena egin. Unean uneko neurketa zehatza behar da, plakak zenbat produzitzen ari diren eta une berean sare horretan zenbat kontsumitzen ari den jakitea ahalbidetuko duena. Eta hori aski konplexua da, sare adimentsua izan behar da. Horixe da, Ekate proiektuaren muina. Adibide bat jartzeko; Etxe bateko plaka fotovoltaikoa energia produzitzen ari den bitartean energia hori erabiltzeko zenbait zeregin programatzerik izango da, nahiz eta une horretan etxean ez izan eta, behin agindutako lanak amaitutakoan, energiaren soberakina alboko sarera isuri zure inguruko beste erabiltzaile batek erabil dezan». Hori dena neurtzeko eta kontrolatzeko balioko dute Ekate proiektuaren baitan definituko dituzten algoritmoek.

Zeregin horretarako adimena eta bitarteko teknologikoak izan badira. Egitasmoan «Blockchain» [bloke katea] erreminta informatikoa baliatuko dute, algoritmo berrien bitartez ekoizpenaren eta kontsumoaren arteko unean uneko trazabilitatea izateko; hots, nork zenbat energia sortu duen eta nork zenbat erabili duen jakiteko. Ez hori soilik, egiaz energia berriztagarria izan dela ere egiaztatu ahal izango da. IoT [Internet of Things-Gauzen Interneta, internet bidez konektatutako produktuak edo makinak] ere baliatuko dute. Horri esker, adibidez, plaka bakoitzaren funtzionamendu zuzena kontrolatu eta ekoizpenaren jarraipena erraztuko da. Teknologia honen eremuak ez du zertan eremu txikietara mugatu; hau da, behin gestio-sistema ondo doituta, eremu handiagotan ere hedatu daitekeela dio Lizarraldek: «Argindarra, berez, erraz eraman daiteke alde batetik bestera; arazoa, gaur egun, legea da. Legeak mugak jartzen ditu. Frantziar legea berriki aldatu da eta gehienez bi kilometroko perimetroan lan egiten uzten du. Horregatik Iparraldean esperimentu pilotua egiteko Bidarte eta Biarritz arteko perimetroa hautatu dugu. Estia Ingeniaritza Eskolako eraikinean eta bere inguruan dauden beste enpresetako eraikinetako plaka fotovoltaikoak baliatuko ditugu horretarako. Estatu espainolean beste ñabardura batzuk daude legearen aldetik. Autonomiek badute eskuduntza maila bat, eta litekeena da Generalitateak eremu zabalago batean jarduten uztea Cimne-ko kideei Lleidan eta Bartzelonan beren saiakuntza pilotuak egiteko».

Bere bidea hasi berri duen proiektuko zereginak sei partaideren artean banatu dituzte. Esparru horretan jarduten duten agenteen diagnosia egiteaz Iruñeko Enercluster arduratuko da. Jada martxan diren elkarteak (I-Ener Ipar Euskal Herrian eta Nafarkoop Hego Euskal Herrian, esaterako) edota argindarra, dispositibo elektroniko edo sarea kudeatzeko sistema informatikoak eta teknologiak lantzen eta garatzen dituzten enpresak identifikatzea izango da diagnostikoaren xedea. Ilusioz ekin diote 1.218.000 euroko aurrekontua duen (horietatik %65 EBko Feder funtsen bizkar) eta 30 hilabete iraungo duen ahaleginari (2022ko maiatzerako amaitua beharko luke). Are, Lizarraldek etorkizun oparoa aurreikusten dio eraikitzen hasi diren sistemari, baina ez du ezkutatzen energia sektoreko enpresa handi boteretsuen jokamoldeekiko duen mesfidantza: «Jada hasiak dira ‘blockchain’ teknologia nola erabil dezaketen aztertzen...».