GARA
DONOSTIA

Sarea besarkada eta elkartasun plaza bihurtu da presoentzat

Koronabirusak eraginda bizi dugun egoera berezia dela-eta bisitarik, bisean bisekorik eta kontzentraziorik gabeko martxoko azken ostiral bereziak pantaila aurrean bildu ditu presoen senide eta lagunak. Sarek antolatuta, amaraun digitala besarkaden eta elkartasun mezu eta aldarrien topagune bihurtu da, sare sozialak zapaldu ezin ditugun plaza bilakaturik. Senideen testigantzak ere jaso dituzte, presoen egoerak egunotan okerrera egin duela salatzeko.

Bizi ditugun ezohiko egunen artean are ezohikoagoa izan da martxoko azken ostirala. Kartzelak hustu beharrean, plazak eta kaleak hustu dira, eta ez euskal preso politikoak etxera ekarri ditugulako. Gizarte osoak bezala, horien senide, lagun eta hurbilekoek ere etxean geratu behar izan dute, petatea prestatu gabe, autobusa hartu gabe, bisean bisekorik gabe eta giltzapetuak askatzeko dioen pankartaren bueltan bildu gabe.

Sarek antolatuta, amaraun digitala, Internet, besarkaden eta elkartasun mezu eta aldarrien topagune bilakatu da; zapaldu ezin ditugun plaza bilakatu dira sare sozialak. Lau hamarkadatan etengabe egin behar izan duten bezala, egoerara, baita krudelenera ere, egokitu behar izan dute senide eta lagunek, koronabirusak ezarritako larrialdi egoera berezi honek samurtasunari lekua utz diezaion.

Preso sentitu gara asko azken egun hauetan, baina gatibutza are itogarriagoa da kartzeletako lau pareten artean. Eta oinarrizko prebentzio eta higiene neurriak hartzea, ia ezinezkoa, nahiz eta eskubidea izan. Etxerat-eko Patricia Velezek azaldu duenez, «oso zaila da espetxeetako mapa orokor bat egitea, baina badakigu zenbait espetxetan moduluak hustu direla medikuak agindutako isolamendu eta berrogeialdia igaro ahal izateko». Normalean mediku arreta murritza izanda, muturreko egoera honek erabat kezkatuta dauzkala gaineratu du, beharrezko arreta bermatuta ez dagoen beldur.

Aldarrikapenen ostean, besarkada birtualen txanda heldu da. Ane Labaka bertsolariak gidatuta, Igor Martinezen hamaika eta bost urteko motxiladun umeak agertu dira, aitari telefonoz emateko denborarik izan ez duten musuak bidaltzeko. Edo A Laman bakartuta dagoen Lierni Armendarizen bikotekide Esti, bere kidearekin hitz egiteko preso sozialek baino lau aukera gutxiago dituena. Komunikazio eten honek ezer onik badu, hori larriki gaixo dagoen Joseba Codok izeba Gentzaneren larritasun eta kezka ezin izango duela sentitu da. Kepa Mujika Pako Mujikaren anaiari ere bisitarik gabe geratu izanaren tristura arintzeko poz txikia izan da.