Andoni ARABAOLAZA
KIROLA BERROGEIALDIRAKO

Zortzimilakoak barru-barrutik

Kilian Jornetek egin zuen bezala, beste katalan bat, Sergi Mingote, hainbat dokumental doan eskaintzen ari da. On Coach Communication ekoiztetxearen bitartez, mendizaleak azken hogei urteotan hainbat zortzimilakotan eginiko espedizioen irudiak ikus daitezke. Gogora dezagun mendizale katalana “14x1.000” proiektua (zortzimilako guztiak mila egunean eta oxigeno artifizialik erabili gabe) aurrera eramaten ari zela, baina osasun krisi hau dela-eta xedea atzeratzera behartuta egon da.

Dokumetal horien bitartez, Mingotek mendi erraldoi horietara eramaten du ikuslea. Eta hori gertatzen da, adibidez, “8.848, Everest” zintarekin. Duela 19 urte igo zuen ipar isurialdetik, eta, haren hitzetan, amets bat egia bihurtu zen.

Munduko mendi garainetik irten gabe, mendizale honek beste dokumental bat aurkezten digu: “Sherpa, las dos caras del Everest”. Ipar eta hego aurpegietatik eginiko eskaladak jasotzeaz gain, irudi eta ahots berezi batzuk ikusi eta entzun daitezke; hain zuzen ere, Mingotek gailurretik eginiko zuzeneko emankizuna. Historian egin zen lehena: «BBC saiatu zen, baina Albert Barcelorekin (On Coach) eta TV-3ekin batera gu izan ginen lehenak».

Mingotek partekatu duen beste dokumetal batek “Pol Nord, viatge al no-res” du izena. Duela 20 urteko Ipar Poloaren zeharkaldiaren berri ematen digu.

Esku artean duen zinta berriena ere zintzilikatu du. “72 dias al limite”-n berriro Himalaiara eramango gaitu. Berriro mendi erraldoietara. Hiru zortzimilako (Broad Peak, K2 eta Manaslu) eta 72 egunean bizitako esperientzia azaltzen digu.