GARA
BILBO

Sololuze eta Beltranen bila jarraitzen dute Zaldibarren, egunean 10 orduz

Gasteizko Gobernuak atzo adierazi zuenez, egunean 10 ordu eta erdiz ari dira lanean Zaldibarko zabortegian, Alberto Sololuze eta Joaquin Beltran, duela 54 egun gertatutako luizian desagertutako langileak, aurkitzeko lanean. Eremuaren egonkortzea ere martxan da.

Gasteizko Gobernuak atzo jakinarazi zuenez, egunero, 08.45etik 19.15era Zaldibarko zabortegiko bilaketa gune guztietan lanean ari dira Joaquin Beltran eta Alberto Sololuzeren gorpuak aurkitzeko. Sololuzeren senitartekoek, astelehenean GARAn argitaratutako elkarrizketan, gorpua aurkitzea «etapa hau ixteko zein garrantzitsua» izango litzatekeen nabarmendu zuten.

Koronabirusak sortutako osasun krisiaren ondotik, funtsezko zerbitzua ematen ez duten langileentzat baimen ordaindu berreskuragarria arautzen duen martxoaren 29ko 10/2020 Errege Lege Dekretuak sortu zituen zalantzen aurrean, Gobernu espainolak argitu zuen horrek ez ziela eragiten Zaldibarko zabortegiko egonkortze lanei eta bilaketa operatiboari; alegia, ez zegoela horiek zertan geldiarazi.

Bilaketaz gain, eremuetako bat hondakinak biltzeko gelaxka gisa egokitzeko eta martxan jartzeko lanetan ari dira. Lakuak adierazi duenez, «litekeena da» apirilaren 2tik aurrera hastea gelaxka betetzeko lehen fasea. Bitartean, moldaketa lanen hurrengo faseekin jarraitzen dute, 140.000 metro kubikoko edukiera garbia lortzeko helburuarekin.

Egonkortzen ari da

B1.1 eta B1.2 eremuetan bilaketa amaitu dutela dio Lakuak. «Azken eremu horretan egonkortzen ari da goiko aldea, eta laster berrekin ahal izango zaio bilaketari», adierazi du Iñigo Urkulluren gobernuak ohar baten bidez. B1 eta Z6 eremuen arteko mendi-mazelaren erdiko lotura pista ere egin dute dagoeneko. Aldiz, lanean jarraitzen dute B1.3 eta B4 eremuekin.

B2 bilaketa eremuan «normaltasunez» lanean ari direla baieztatu dute, «ateratako hondakina aldi baterako hurbileko harrobira eramanez, harik eta B4 guneko gelaxkan materialak metatu ahal izan arte».