Maite UBIRIA BEAUMONT
BAIONA
Entrevista
OIHANA PAROT
UNAI PAROTEN ALABA ETA ION KEPA PAROTEN ILOBA

«Presoen egoeraz jabetu, eta aldatzeko pizgarria izan dadila konfinamendua»

Oihana Parotek bi urte eskas zituen bere aita eta osaba kartzelan sartu zituztenean. Geroztik bere haurtzaroa eta gaztaroa bisiten araberako joan-etorrietan igaro ziren. «Lotoa irabazi eta aita etxera ekartzeko kartzela ordainduko zuela» amets egin zuen neskatoa egungo emazte sendoa bilakatu da.

Oihana Parot 10 urteko Kima alabarekin bizitzen ari da konfinamendu garaia. Egoera berezi horretan aita eta osaba kartzelan dituen emazte gazteak salbuespeneko eta ezohiko gertakariz beteriko ibilbidea partekatu du GARArekin.

Bi urte eskas zenituen aita atxilotu zutenean. Beira baten bestaldean egin zenion lehenengo bisita kartzelan.

Une gogorra izan zen hura burasoentzat, zeren ene iduriz nahi nuen aitaren besoetara joan baina ezin nuenez, bizkarra eman nion aitari bisita guzian. Biziki oroitzapen mingarria da aitarentzat eta min horrek niri sortu zidan maite ditudan jendeak galtzearen edo haiek ni bakarrik uztearen fobia, duela urte batzuk soilik gainditzea lortu dudana.

Familia zigortua izan zen. Zazpi urte aurrez aurrekorik gabe, aita ezin besarkatu.

Ez dut haurtzaroko oroitzapen asko atxiki, detaile batzuk izan ezik. Aitari poz pixka bat emateko oroitzen naiz beti kolorezko jantziak eramanez eta irriñoa ahoan azaltzen ginela bisitetan. Bestalde, sarritan irudikatzen nuen aita etorriko zela nire bila ikastolara, sorpresa eginez, eta pentsatzen nuen egun batean diru asko irabaziko nuela, «loto» antzeko zozketa batean, eta kartzela pagatuko nuela aita askatzeko. Ez dakit zer adinetan ilusio horiek desagertu ziren.

Milaka urteko kartzela zigorra jaso zuen zure aitak. Auzi batean izan zinela uste dut, baita une gogorra bizi ere.

15 edo 16 urte nituela Madrilen egin zioten epaiketa batera joan nintzen, nire ahizpa nagusiarekin, lagun batekin eta harat lagundu gintuen osaba Ion Kepa eta Urtsoa izebaren ezagun batekin. Zaindariak ezarri zituzten gure babeserako. Ez genuen batere sumatu «terrorismoaren biktimen» elkarteko kideak hain bortitz izanen zirela gurekin. Irainak, keinuak egin zizkiguten. Lagundu gintuen emaztea biziki hunkitu zen eta itzultzean artikulu bat idatzi zuen. Gu ohituago ginen. Bisitetan, txikitatik sentitu dugu funtzionario eta guardia zibilen herra.

Ez dakit nola irudikatzen duzun Oihana nerabe hura, bisiten zama sentitzen zuena eta aitarekin haserretu zena.

Handitzean gehiago ohartzen gara egoeraren errealitateaz eta bere ondorioez. Bai, 15 urterekin haserretu nintzen aitarekin. Euskal Herria hautatzea bere alaben ordez leporatu nion, baita haurtzaro eta bidaia bizi hori guri inposatzea ere. Asko mindu nuen aita baina horri esker asko mintzatu ginen eta azaldu zizkidan Euskal Herriko gertakariak eta bere arrazoiak borrokara lotzeko.

Une batez urrundu zinen.

Ezin nuen jasan euskaldun giroan izatea, gogorregia zen niretzat. Bizi “normal” bat ukan nahi nuen. Egia da garai horretan ez zela gaur egun dagoen elkartasuna. Borroka armatua gaizki ikusia zen batzuen partez.. Beraz presoak eta haien senideak ere bai!

Kartzelaldi luzea amaitzear zela, zigor gehigarria jaso zuen. Are, «Parot» izendatu zuten doktrina berria.

Askatzen zituzten presoen harrerak eta bideoak ikustean asko pozten nintzen, baina jeloskortasun pixka bat sortzen zidaten. Jakin nuenean aita ez zela askatua izango eta kondena luzatuko ziotela biziki gogorra izan zen. Orduan 3 urte zituen nire alaba Kimak nire haurtzaro berdina ez izateko esperantzak aireratu ziren.

Izar ahizpa eta Kima alaba dira bisitari gazteak.

Izar, nire ahizpa gazteenak 21 urte ditu orain, eta beti aita kartzelan ezagutu du. Nire alaba Kimak 10 urte ditu. Osasun arazoak tarteko, Urtsoa izebak ezin du gehiago bidaiarik egin. Gaur egun Izar, Kima eta hirurok goaz. Horrendako eskertzekoak dira zinez aitaren lagunak, beraien bisita, eskutitz, pakete eta sostenguarengatik. Elkartasuna etengabe behar dugu sustatu, eta mobilizatu, bi estatuak mugiarazteko eta presoak etxera ekartzeko.

Osasun larrialdi baten erdian heldu da 30. urtemuga.

Bisitarik ez dugu, aldiz telefono deiak bai. Aita ez da bakartua ziegan, oraingoz. Ontsalaz konfinamenduak zer pentsa emanen dio jendeari presoek urte luzetan bizi duten itxialdiari buruz eta, ea horretaz jabetuta, egoera aldatzeko pizgarri bilakatzen den.