Surflari ernegatua

Aurrez jakin

Itsaski iragarpenak telefono dei bidez egiten hasi zenean, Surflinek promozioa egiteko erabiltzen zuen lema honakoa zen: “Joan aurretik jakin ezazu!”. Hau da, surf egitera joan aitzin olatuak badiren jakin ezazu. Gauza jakina da protestanteentzat denbora aurrezteak berebiziko garrantzia duela, ekonomia printzipioa bizitzako eremu guztietara hedatzen baita. Ondorioz, ez da harritzekoa AEBetan Surfline bezalako enpresa batek sekulako arrakasta izatea.

Esperientziaren oinarria, hain zuzen ere, horixe da, gauzak aurrez ikustea. Olatu gainean aritzeko norberak izan dezakeen mailaz harago, surflari hasi berri bat eta aditu bat desberdintzen dituen osagai nagusia iristear dena iragartzeko gaitasuna da. Baina ez bakarrik itsaskiei eta eguraldiari dagokienez, surflariz lepo dagoen urautsi batean jazo daitezkeen gertaera posibleak aurreikus ditzake adituak, eta etengabe mugitzen diren korronte eta olatuetara egokitu.

Aditu batek segituan antzemango du itsasoan zerbait arraroa badago. Adituak ez du esaten dioten guztia sinetsiko, jada belarrietan tontakerien kontrako filtroa ezarria baitu, eta hori egun oso garrantzitsua da, ez baita batere erraza etengabe jasotzen dugun informazio guzti hori kudeatzea. Surflari beterano batek, munduko urautsi ezagun bateko argazkia erakutsi eta erraz asmatuko du irudia non hartua izan den, baita bera inoiz egon ez den leku bateko olatuak agertzen badira ere. Eta argazkia faltsua bada, segituan antzemango du.

Duela gutxi arte, bizitzako beste eremuetan eta giza taldeetan ere gauza bera gertatzen zela uste nuen. Koronabirusak egungo gizartearen argazki ezin zehatzagoa egin zuen arte. Etortzen zaigun guztia jasotzen dugu, filtrorik gabe, ez dugu deus kudeatzen. Uste dugu ongi saretutako komunitate bat dugula, inor baino solidarioagoak garela, berritzaileak, indartsuak eta ez dakit zenbat gauza gehiago. Apaltasun apur bat ez litzaiguke gaizki etorriko.

“Quedate en casa” agindua euskarara itzuli genuen, eta goiburu bera erabiltzen dugu, besteei zer egin behar duten esateko gorentasun morala bagenu bezala. Gauero balkoira ateratzen gara zarata apur bat ateratzera, eta txalo egitera. Zertan bereizten gara gainontzeko komunitateekin? Duela 50 urte soldadu britainiarrak Derryra iritsi zirenean ere txaloka hartu zituzten, laguntzera joan zirelakoan. Finean, eslogan desberdinekin baina besteek egiten dutena, besteek egiten duten modu berean egiten dugu. Ez dakigu osasun krisi hau pasako den zerbait den, edo betikotu egingo den zerbaiten hasiera baino ez den, baina Surflineren leloak zioen bezala, “joan aurretik jakitea” komeni zaigu, izan ere, herri bezala nabarmentzeak aukera berriak ireki ditzake, baina arriskuak ere baditu.