Ekhi MARTIN

BIGARREN BIZITZA BAT ERABILITAKO MASKARENTZAT

Koronabirusaren aurrean babesteko material eskasia azken asteetako albiste izan da. Batez ere, pertsona kutsatuekin harreman zuzena dutenen kezka da, beraiek ez gaixotzea premiazkoa delako. Hori dela eta, material horiei bigarren bizitza bat emateko lanean ari dira ikertzaileak.

Mundu osoko osasun langileak beren onena ematen ari dira osasun krisialdiari aurre egiteko, baina kexa orokortu bat dago: babes neurriak falta zaizkie. Maskarak, pantailak, mantalak, eskularruak… guztien beharra dute. Hori konpontzeko, enpresa eta norbanakoak laguntzeko prest agertu dira eta ahal dutena sortzen hasi dira, baina bestelako irtenbideak beharrezkoak direla konturatu dira.

Horien artean, ekimen bat maskarak deskontaminatzea da, horiek berrerabili ahal izateko. Stanford unibertsitateko ikertzaileek, adibidez, N95 maskarak deskontaminatzeko ikerketa bat egin dute eta ikasitakoa N95decon.org webgunean jarri dute, behar duenak irakur dezan.

Guztira, hainbat unibertsitatetako zein sektore pribatuko 60 ikertzailek, ingeniarik, ikaslek eta medikuk hartu dute parte webgune horretan dagoen literatura zientifikoa sortzeko. «Ez dago N95 motako maskarak deskontaminatzeko modu perfekturik, baina garrantzitsua da erabiltzaileek ahalik eta informazio gehien izatea», azaldu du Stanfordeko bioingeniaritzako irakasle Manu Prakashek. «Gure helburua erabakiak hartu behar dituztenen eskuetan informazioa jartzea da, haiei laguntzeko», gaineratu du.

Orain arte hiru teknika proposatu dituzte: bero eta hezetasunarekin, C argi ultramorearekin edo hidrogeno peroxidoaren lurrunekin tratamenduak egitea. Ikertzaileek ez dute zehaztu zein metodo den onena baina, adibidez, gomendatzen dute lurrunen metodoa maskara asko batera deskontaminatzeko erabiltzea. Hori dela eta, Ameriketako Estatu Batuetan hidrogeno peroxidoz lurrun tratamenduak egiteko balioko duten makinen ekoizpena martxan jarri dute.

Gurean, berriz, gehien erabiltzen diren maskarak FFP2 motakoak dira, eta horiek deskontaminatzeko pausoak ematen hasiak dira. Esaterako, Gipuzkoako Aldundiak zaharren egoitzen esku jarri du horiek esterilizatzeko balio duen makina bat. Arrasaten egongo den arren, Gipuzkoako egoitza guztiek erabili ahal izango dute. Horretarako, makinarekin lan egingo duten teknikariak egoitzaz egoitza joango dira materialak jasotzera. Horrela, maskara bakoitza hiru aldiz erabili ahal izango dute, egun dagoen material eskasiari nolabait erantzuteko.