Ane URKIRI ANSOLA
FUTBOLA - ALAVES

Liga ekainaren 13an itzultzea «arriskutsua» dela iruditzen zaio Garitanori

Alavesen entrenatzaileari goizegi iruditzen zaiogizonezkoen futbol txapelketa itzultzeko jarri duten eguna eta horren arriskuez ohartarazi du.

Alaveseko entrenatzaile Asier Garitano egoerara egokitzen ari da, etengabe: «Hori da entrenatzaile baten egitekoa». Egun batetik bestera antolatzen dute plangintza, hurrengo astera begira jartzea ez baita eraginkorra. «Ez dakigu hurrengo astean nola egongo garen», dio.

Bideodei bidez erantzun zituen galderak atzo, bere taldeak hamargarren entrenamendua osatu ostean. Garitanoren helburua jokalariek min ez hartzea da. «Xedea da ez egotea lesiorik, jokalari bat ez egotea geldirik bizpahiru egunez min hartu duelako. Lehen horrelako lesio batek ez zuen asko suposatzen, baina esku artean daukagun denbora murritzarengatik, garrantzitsua izan daiteke», azaldu zuen.

Aurreratu zuen Ligak ekainaren 13a markatu duela Ligaren itzulerarako. Garitanoren iritziz, «goizegi da ekainaren 13an txapelketa berrartu eta hamaika jardunaldi segidan jokatzeko». «Arriskutsua» izan daitekeela ere ohartarazi zuen, oso epe motzean jokatu beharko baitute txapelketaren fase erabakigarriena, astean bi norgehiagoka izanda. Talde asko ez daude egoki osatuak astean bi neurketa jokatzeko. Gainera, ekainaren 13an liga abiatzeak esan nahi du oso egun gutxi izango dutela taldea bere osotasunean entrenatzen hasten denetik.

«Aste honetan hamar jokalariko multzoetan ari gara entrenatzen eta ez dakigu noiz hasiko garen talde osoarekin lanean. Egunero galdetzen diogu hemen egoten den Ligako inspektoreari, eta beraiek ere ez dakite erantzun zehatzik».

Horrekin aditzera eman zuen, baita ondoren nolabait baieztatu ere, Ligatik ez dietela iritzirik eskatu entrenatzaileei: «Niri ez didate ezer galdetu. Irakurri edo esan didatenaren arabera jakin ditut kontuak». Horrez gain, jakinarazi zuen, berez, teknikoen arteko bilera bat egitekotan zirela, baina azkenean ez dela egin. Bere iritziaz galdetuta, gutxienez talde osoarekin bi asteko entrenamenduak egitea eskatzen du.

Jaitsiera saihestea

Garitanok uste du fisikoki geldialdi aurreko maila errekuperatu ezean, kalitateak garrantzi are handiagoa hartuko duela. Hala, taldeen arteko diferentzia nabarmen handitu daiteke.

Lehen neurketa Espanyolen zelaian jokatuko dute, azken sailkatuaren aurka. Berdin du aurretik zein dinamikatan zegoen talde bakoitza, zerotik hastea bezala izango dela nabarmendu zuen entrenatzaileak. Gainera, litekeena da bitartean ezin izatea lagunartekorik jokatu.

«Dinamika on batean egoteak lasaitasuna ematen dizu. Gainera, aurkaria egoera onean ez baldin badago, are konfiantza gehiagorekin zoaz. Orain, agertokia guztiz aldatu zaigu. Ez dakigu zer gertatuko den», laburbildu zuen.

Lehen Mailan jarraitzea lortuz gero, Garitanok Alavesekin duen hitzarmena luzatuko luke. Bergararrak esan zuen orain bertan ez dagoela hurrengo denboraldiari begira baina bera pozik dagoela Alavesen eta, hala gertatuz gero, gustura jarraituko lukeela jakinarazi zuen.