Estibalitz EZKERRA
Literatura kritikaria

Arrakasta

Ikasturte amaiera dator. Hasi dira hango eta hemengo administrazioak urteko balantzea egiten. «Arrakasta» hitza aipatzen dute osasun krisiari hezkuntza arlotik eman zaion erantzuna baloratzeko orduan. Eskerrak ematen dizkiete irakasleei beren lana betetzeagatik (soldata berberagatik lan bikoitza egiteagatik, sekulako pagotxa); eskerrak ere ikasle eta gurasoei, beren pazientziagatik. Toki berezia (eta arras zabala) ematen zaio teknologiari.

A, bai, teknologia. Zer egingo genuke hori gabe? Pentsa eskaintzen dituen abantailak: ikasle gehiagorengana heltzeko modua (baldin eta teknologia erosteko modurik badute) irakasleari buruhauste handirik eman gabe (ikus aurreko oharra). Arrakasta, bai, egoera honetatik etekinik atera dutenentzat. Azken horien artean ez dituzte irakasleak eta ikasleak aurkituko; ziur egon horretaz. Ezen arrakastaren antzik ez du ikasleek eta irakasleek sentitzen duten neke psikologikoak. (Arrakasta ospatzen dabiltzan horiek hobe lukete teknologia berrien erabilerak eragiten duen estresa hizpide duten zientzia-artikuluak irakurtzea). Arrakastaren antzik ez du ikasleek eta irakasleek ikasturtean zehar sentitu duten isolamenduak ere. (Teknologia berriek sozializazioari begira sor ditzaketen arazoak ez dira berriak). Nahi beste erreminta gaineratu ahal dizkiote Zoom-i; ez du aurrez aurreko komunikazioaren eta lankidetzaren esperientzia ordeztuko. Administraziokoak pozik daude, ordea. Horixe da inporta duena, ezta?