Oihane LARRETXEA
DONOSTIA

Lorategiak, perlak, gerrak

June Jordan amerikarrak eta Forugh Farrokhzad irandarrak asko zuten esateko eta poesian topatu zuten horretarako bidea. Barruko apurketak, beldurrak, lorpenak eta ametsak, estilo propio bat landu zuten. Baten sinbologia aberatsa eta bestearen determinazioa euskarara itzuli dituzte Miren Agur Meabek eta Ane Garciak Munduko Poesia Kaierak bildumaren baitan (Susa). Udazkenean argitaratuko diren hurrengo bi izenburuek Afrikatik ekarriko dute poesia.

Intentsitatez sinesten zuten beren idealetan eta intentsitatez eraman zituzten horiek letretara, intentsitatez bizi zuten poesiara. Barruak askatzeko, arimak garbitzeko, kontzientziak eragiteko, munduari oihu egiteko. Ahots propioarekin. Biak emakumeak. Teheran eta New York. Persieraz eta ingelesez. Udaberriak ekarri ditu gure hizkuntzara, Susa argitaletxeari esker, Forugh Farrokhzad (1934-1967) eta June Jordan (1936-2002) idazleen poemak. Munduko Poesia Kaierak bildumaren azken aleak dira. Irandarraren obra Miren Agur Meabe idazleak itzuli du eta estatubatuarrarena, Ane Garciak. Atzo aurkeztu zituzten.

Bere bizitza bezain emankorra izan zen Farrokhzaden obra. Aberatsa edukian, forman, kolore eta usainetan. Arriskatu zuen, bizitzan egin bezala. «Sekulako sakrifizioa egin behar izan zuen bere senari jarraitzeko; familia utzi behar izan zuenean, kasu», kontatu zuen Meabek.

Bost poema liburu idatzi zituen gazteegi eta ezustean hil zen egileak. Bakoitzak hondar astuna utzi du Meaberengan. «Hazi» egin da idazle moduan, aitortu zuenez. Gai asko jorratu zituen Farrokhzadek. “Matxinada” hirugarren liburuan «heriotza eta abandonua» landu zituen, desoreka psikologikoak izan zituen txikitatik, harreman batekin asko sufritu zuen eta bortxaketa isildu baten biktima ere izan zen. 1964an argitaratu zuen “Beste jaiotza bat” lanean badirudi hori guztia atzean utzi zuela: hasierako nahasmena, errua eta frustrazioa gaindituak zituen nonbait. «Lorategia» konkistatu egin zuela zioen. «Paradisuarena, askatasunarena, ongizatearena. 32. urtebetetzean esan zuen: ‘pozik nago ez naizelako izan ameslaria’, hau da, lortu zuela bere bizitzaren jabe izatea».

Ahaldundua, “Beste jaiotza bat” haurtzaroari begirada da. «Nire bizitza osoa da bertso-lerro ilun bat», aitortuko zuen lehen poemaren lehen bertso-lerroan. «Liburu honetan esaten zaiguna da hondora murgildu beharra dagoela perla aurkitzeko, horretarako bidaia egin behar dela, ez dela perla noiz azalean topatuko», adierazi zuen Meabek.

Apurtzailea izanagatik, oso kritikatua izan zen garai hartan, ez konprenitua eta zigortua zentzu askotan. Adjektibazioa da bere ezaugarria, sentsuala zen. Aro bitalistetan «festibal oso bat egiten zuen kolore eta usainekin» eta askatasunez idazten zuen. Desira eta plazera ere oso presente daude, emakumearen gorputza bezala, eta ez zion kritika soziala egiteari utzi. Irudi odoltsuak, suntsiketa eta mamuz beteriko distopiak baliatzen zituen irandarrak.

Galderen ugaritasuna ere gustuko zuen, sinboloen erabilera bezala. Lorategia edo baratzea, paradisua, itzalak eta arima alderraien bidez komunikatzeko gai zen. Clara Janes itzultzaile katalanak hitzaurre batean esan zuenez, bere buruari begiratu zion ispiluan eta ikusten zuena jasotzeko ausardia izan zuen. Beste askok ez.

Begirada globala

Ausarta zen June Jordan ere. Harlem auzoan jaioa eta guraso jamaikarren alaba zen. Azala beltza zuen eta publikoki bisexuala zela adierazi zuen. Bi bortxaketaren biktima izan zen.

Konpromisoa landu zuen eta ekintzaile sutsua izan zen: arrazismoa eta gerren kontrakoa, eta eskubide zibil eta politikoen defendatzailea. Golkoko Gerraz idatzi zuen, baita Ameriketako Estatu Batuez eta islamaz ere. Hala adierazi zuen Jordanek: «Bizirik egoteak esan nahi du zerbait itzela zor diegula mundua aldatzeko saiakera egin eta hil dituztenei».

Ane Garciaren hitzetan, «jendearengandik oso gertu idazten zuen» eta ez zen «bere» komunitateaz soilik kezkatzen: indiarrak, Afganistaneko biktimak, amerindiarrak, nikaraguarrak (mugimendu sandinistarekin harremana izan zuen)… «Bere ikuspegia oso globala zen. Hegoafrikako emakumeen protesta bati buruz, apartheidaren kontra, idatzi zuen: ‘gu geu gara espero genituen horiek’». Hau da, Jordanen ustez, «ez gara inoren zain egon behar».

Black english edo ingeles binokularraz ere idatzi zuen eta «determinazio handiz» egiten zuen. «Jordanen poesiak ez dizu uzten ihes egiten –dio Garciak–. Gertakari batzuk gogorarazi eta ohartarazten dizu biolentzia horren alde batean edo bestean gaudela denok, indarkeria globala dela eta denok pairatu dezakegula. Eta aldatu nahi baduzu ezin zarela geldirik egon».