Asier AIESTARAN
Entrevista
MAIALEN ARRAZOLA
DONOSTIARRAKO ARRAUNLARI ETA ENTRENATZAILEA

«Irrikatan gaude berriz ere elkarrekin uretaratzeko»

Bi urtez arraun egin gabe egon ostean, Maialen Arrazola (Donostia, 1985) lehen lerrora itzuli da Donostiarrako arraunlari eta entrenatzaile moduan. Aulki mugikorrean Europako zein Munduko Txapelketetan parte hartutakoa, traineruen munduan dena irabazi zuen Pasai Donibaneren urrezko aroan. Orain, proiektu berrian buru-belarri sartuta dabil, pozik, nahiz eta denboraldia arraroa doan.

Denboraldia erabat arraroa doa koronabirusaren erruz, baina arraunlarien eguneroko agenda betean gauza batzuk ez dira aldatzen. Lan jardunaldia amaitu, etxeko eginkizunekin bete eta entrenatzen hasteko prest harrapatu dugu Maialen.

Zer moduz daramazue egoera berezi hau? Orain korrika egitera irten daiteke behintzat...

Hilabete hauek gogorrak izan dira, “kaña” dezente sartu dugu ergometroan: jada palada jakin batzuk eskatzen hasi gara, bihotza ohitzen hasteko. Orain kalera irtetea ere posible denez, hori korrika eta bizikletarekin nahasten ari gara, ergometroa astean hiru edo lau egunetara mugatuz. Guretzat liberazio bat izan da kalera irten ahal izatea.

Nola saiatu zara egoera berezi honetan arraunlariei laguntzen? Etsigarria izan al da zuretzat entrenatzaile moduan?

Bai, ze gainera ez dakizu une bakoitzean arraunlari bakoitzak zer sentitzen duen, ze egoera daukan etxean… Nik ez dakit nola bizi diren. Batzuk gurasoen etxean bizi dira, igual etxe txiki batean eta ez daukate lekurik ergometroa egiteko. Beste bat igual baserri batean bizi da eta ez dauka lanera joan beharrik… Eta egoera hori eramatea zaila da, ez dakizu bakoitza psikologikoki nola dagoen. Hainbeste denbora etxean egon behar eta ez bagaude ohituta indibidualki entrenatzera… Izan ere, arrauna bakarka ere entrenatu behar da, baina batez ere taldean egiten den kirola da, eta hilabete hauetan indibidualki entrenatu behar izan dugu. Taldearen kohesio hori mantentzea, jendeak taldean dagoela sentitzea, kostatu egin zaigu pixka bat. Baina nik uste lortu dugula denon artean. Animoak emanez gure artean, bideo batzuk egin ditugu bakarrik ez gaudela sentitzeko, eta nik uste orain arte ez dela gaizki joan.

Pentsatzen dut traineruko arrauna bezain kirol kolektibo batean horrenbeste denbora batera entrenatu ezinik egotea sekulako galera izango dela. Ipini zara ohiko entrenamenduetara itzulera nolakoa izango den pentsatzen?

Denok gabiltza buruari bueltak ematen, ea nolakoa izango den une hori. Nola izango den entrenamenduetara itzulera, berriz ere elkar ikusteko aukera… Esango dizut aurreko astean analitika izan genuela, elkar ikusteko aukera izan genuela bertan, ez denok baina batzuk behintzat bai, eta nik uste horrek ere animo asko eman dizkigula. Aspalditik ez genuela elkar ikusten. Ohituta ia egunero elkarrekin egotera… Horrek ere indar apur bat eman digu. Badirudi tunelaren amaiera ikusten ari garela, baina ez da amaiera, eta badirudi batzuetan segituan joan gaitezkeela uretara baina hori ere ez da horrela… Ez dakit nola amaituko den, baina gu behintzat esperantzarekin gaude berriz elkar ikusteko, eta irrikatan gaude elkarrekin uretaratzeko.

Aurrera begira zein da panorama? Noiz ikusten duzue uretan entrenatzen hasteko aukera?

Guk maneiatzen dugun data ekainak 1ekoa da. Baina batzuek esaten dute posible izango dela agian egun batzuk lehenago, eta beste batzuek diote aste bat beranduago izan daitekeela. Baina daramagun guztiarekin aste bat lehenago edo beranduago nik uste ez dela hain garrantzitsua. Okerrena ezjakintasun hori da, ez dakizula ziur noiz izango den. Niri esango balidate orain «ekainaren 8an izango da», ba ederki, berdin zait apur bat itxarotea, badakit egun horretan uretara joango garela, baina oraindik ez dakigu, eta hori da okerrena. Eta noski, guk arraun egin nahi dugu, baina jakin nahi dugu ere zer baldintzatan egin dezakegun. Izan ere, bakoitzak baloratu beharko du gero ea bere burua arriskuan ikusten duen edo ez. Horiek denak kontuan izan beharko ditugu. Arauak jakindakoan arraunlari bakoitzak bere iritzia eman beharko du egoera horretaz, ea hortik igaro nahi duen edo ez. Eta ezjakintasun horrek beldurtu ez dut esango, baina bajoi bat ematen dizu pentsatzen jarritakoan.

TKE Liga udan estropadak antolatzeko baikor azaldu da, baina ikusten dut zuek zalantza dezente dituzuela.

Zalantzak ditugu. Inork ez dizu esaten ziur «hau horrela izango da». Esaten dizute «badirudi horrela izango dela…». Azken batean, talde desberdinen artean distantzia mantentzea erraza izan daiteke, baina talde barruan ezinezkoa da, traineruan denok oso elkarren gertu goaz. Eta gero bakoitzak bere etxean zer egoera duen ikusi behar du, agian gurasoekin bizi da eta arrisku taldean sartzen dira… Ez dakigu hori dena nola izango den. Edo beste aldera, agian guk baldintza denak ongi betetzen ditugu taldean baina gero taberna batera zoaz eta han ezin duzu hori bermatu. Edo lanera zoaz. Ni adibidez orain etxetik ari naiz lanean, baina ez dakit noiz arte izango den hori horrela. Bulegora joan behar badut, ba hor ere arriskua legoke. Guk taldean baldintza guztiak bete ditzakegu, baina bizitza errealean ez dakit posible izango den. Argi daukaguna da garrantzitsuena osasuna dela.

Bi urte arraun egin gabe egon ostean aurten itzuli zara Donostiarrarekin. Egoera berezi hau alde batera utziz, zer moduz joan da lehen negu hau, pozik zaude?

Pozik nago. Nik uste oinarria bazegoela taldean, baina agian behar zutela esperientzia gehiagoko arraunlariak alboan izatea. Ni horretan saiatu naiz batez ere, nola entrenatu behar den adierazten. Apurka-apurka gauza batzuk aldatu ditugu, baina taldeak bazeukan oinarria. Pausoz pauso joan gara, eta pozik nago egin dugun lanarekin. Bandera bat ere irabazi dugu, eta inork ez luke pentsatuko denboraldi hasieran horren azkar etorriko zenik garaipen bat, lehenengo bandera. Eta horrek ere, aukerak ditugula ikusteak, indarra ematen digu guztioi; jarritako helburuak lortzea ona da arraunlariek beren buruengan gehiago sinisteko. Azkenean, askotan arraunlari gazteek motibazioa badaukate baina ez dute beren buruengan sinisten, eta horregatik bai nik eta bai aurten iritsi garen esperientziadun arraunlariek hori erakutsi nahi diegu taldeko gazteei, saiatuz eta lana eginda gauzak atera daitezkeela.

Iaztik zeudenak eta aurten iritsi zaretenok batuta Pasai Donibanen arraun egin zenuten arraunlari dezente bilduko zarete berriz ontzi berean. Proiektua asko indartu da alde horretatik, ezta?

Egia esan, klubak ez dit inoiz esan «emaitzak nahi ditugu». Eta klubak ez dit inoiz esan zenbat arraunlari berri etor zitezkeen, edo zein arraunlari etor zitezkeen... Kontua da San Juanen ibilitako arraunlariok sekulako “piña” daukagula eginda gure artean. Urte bat pasa dugu arraun egin gabe eta jendeak arraun egiteko sekulako gogoa zeukan. Kalean aurkitzen nituen eta esaten zidaten: «Joe Maialen, zerbait egin beharko genuke hurrengo urtean elkarrekin arraun egiteko». Donostiarrak ez dit inoiz esan «Maialen, banderak irabazi nahi ditugu eta ekarri bost arraunlari onenak banderak irabazteko». Ez da horrela izan inondik inora ere. Eta nire asmoa ere ez da inoiz hori izan. San Juanen sekulako bizipenak izan genituen, eta gogoa geneukan bizipen horiek berriz errepikatzeko. Eta Donostiarrak taldearen ardura hartzeko eskaintza egin zidanean, nik piezak lotu besterik ez nituen egin. Eta arraunlari horiei aukera aipatu nienean ez zuten pentsatu ere egin, segituan esan zuten baietz.

Kanpotik begiratuta Donostiarra sekulako proiektua eraikitzen ari dela ematen du, oso ongi egituratua, jende oso prestatuak gidatuta. Barrutik ezagututa ere horrela dela esango zenuke?

Egia esan, Donostiarrak dituen azpiegiturak kontuan hartuta gauzak oso azkar joaten ari dira. Baina uste dut gauzak ongi egiten ari direlako ere badela. Mutilek ACT Ligan emaitza onak lortu dituzte, bigarren traineruak ere sekulako denboraldia egin du ARC Ligan, eta ikusten da jendea pozik dagoela, arraunlariak badaudela, bai mutilak eta bai neskak... Eta arraunlariek Donostiarrara etorri nahi izateak esan nahi du gauzak ongi egiten ari direla. Arraunlarioi ere entzuten gaituzte. Gero zer pasako den batek daki, baina uste dut momentu hauek aprobetxatu egin behar direla. Klub bat ongi joan arren hurrengo urtean baliteke gaizki egotea. San Juani pasa zitzaion: urte batetik bestera mutilen taldean 18 arraunlarik taldea utzi, hurrengo urtean nesken taldean berdin… Hibaikan ere bai orain dela urte pare bat, Kontxan bandera borrokatzetik ETE Ligara pasa behar. Hori ezin da inoiz jakin, horregatik nik uste momentua aprobetxatu behar dela.

Donostiar bezala ere galdetzen dizut, badirudielako Donostian arraun giroa berpiztu egin dela azken bizpahiru urteotan, traineruak ongi ibiltzeak beti ematen duen bultzada lagun.

Horrek ikusgarriago egiten du arrauna. Lehen ematen zuen Donostian ez zela arraun egiten, eta ez da horrela. Batzuetan maila hobean besteetan baino, baina arrauna beti hor egon da. Traineruak maila nagusietan egoteak egiten duena da jendea gehiago mugitzea, jende gehiago ikusten duzu kamisetarekin... Azken finean, jendea animatu egiten da arraun egitera, traineruan egon nahi du.