Andoni ARABAOLAZA
Protagonista

Tamara Lunger, himalaismo femeninoa aldarrikatzen

33 urteko alpinista italiarrak erakutsi du zortzimilakoetan neguan egiten diren jardueretan lehen lerroan egoteko gai dela. Duela lauurte, adibidez, Nanga Parbaten historia egiteko zorian egon zen; gailurretik 70 metrora atzera egin zuen.

Tamara Lungerren izena duela urte gutxi batzuk entzuten hasi ginen. Heldu den ekainean 34 urte beteko ditu, eta Himalaia zein Karakorum mendilerroetan egiten diren jardueretan italiarra protagonista izaten ari da. Batez ere, neguko eskaladetan. Adibidez, gogoratu behar dugu 2016. urtean Nanga Parbaten sinatu zen urrezko pasartean nolabaiteko lekua izan zuela. Alex Txikon, Ali Sadpara eta Simone Morok zortzimilakoaren neguko lehen igoera egin zuten. Lunger haiekin zihoan, baina, tontorretik 70 metrora zegoela, atzera egin zuen.

Moro aipatu dugunez, aurreratu behar dugu lehen lerroko espezialista honek “bultzada” garrantzitsua eman diola protagonistari. Han eta hemen ibili dira elkarrekin aktibitate alpinoak egiten, eta, batez ere, neguko jardueretarako gogor entrenatzen.

Iazko neguan, bi alpinista horiek xede handi bat izan zuten esku artean: GI eta G II mendien zeharkaldia neguan eta estilo alpinoan. Irakurleak, agian, gogoratuko du ezer gutxi egiteko aukera izan zutela. Mendiaren behealdea ekipatzen ari zirela, Moro artesi batean erori zen. Lungerrek berak handik ateratzen lagundu zion, eta espedizioa bertan behera utzi zuten. Egoera larria igaro zuten.

Aurreratu dugunez, zortzimilakoetan egiten diren xedeetan italiarra berezko lekua hartzen ari da. Eta panorama femeninoari begiratzen badiogu, ohartuko gara espezialitate horretan ia bakarra dela. Soilik, Elisabeth Revol frantziarra eta, hein batean, Lotta Hintsa finlandiarra aipatuko genituzke. Gai honen inguruan alpinista gazte honek onartzen du kolektibo marjinal baten ordezkari bat dela: «Oso gutxi gara, nahiz eta zortzimilakoetan gero eta emakumezko gehiago ikusten ditudan. Hori bai, gehienek espedizio komertzialetan hartzen dute parte. Agian, Revol eta biok gara jarduera horietan etika bat aldarrikatzen dugun bakarrak. Hots, estilo alpinoaren aldeko apustua egiten dugu, eta oxigeno artifiziala eta garaieran lanean diharduten alpinisten laguntza saihesten dugu. Mendiarekin erabat lotuta ikusten dudan era egokiena da. Horrez gain, talde txikietan lanean egotea atsegin dut. Eta neguko himalaismoari dagokionez, uste dut orain arte esan dudana adibide argia besterik ez dela. Izan ere, erraldoi horien aurrean bakarrik gaude. Bide batez, onartu behar dut zortzimilako baten aurrean gizonezko guztiek ez dutela berdin jokatzen. Eta gauza bera gertatzen da nesken artean».

Lerrootako protagonistak oso txikitatik mendiarekin lotura berezia izan du. Gaztea zela, eski-alpinismoko probetan lehiatu zen. Pierra Mentan, adibidez, gazte mailan, pare bat aldiz irabazi du. Baina denboraren poderioz, jabetu zen kronoak ez zuela zentzu handirik, eta, mendia bere osotasunean ulertu ahal izateko, urrats bat egin eta goi mendietara hurbildu zen. Pentsamolde hori indartzeko, 2009. urtean Mororekin hartu-emanetan jarri zen. Azken honek, babesteaz gain, garaiera handiko mendietan irakatsi beharrekoa irakatsi zion.

Erabakiak

Simone Mororen aldetik jasotako eskarmentuari esker, alpinista italiarra, zentzu handiz, ibilbide ederra egiten hasi zen. Argi dauka neguko zortzimilakoetan emakumezkoak gizonezkoen pare ibil daitezkeela, baina era berean uste du bi genero horien arteko nahasketa eraginkorra dela: «Mutilek alde arrazionala duten bitartean, gu intuitiboagoak gara. Eta esandako horrek sinergia erreala sor dezake helburu komun baten aurrean. Bai, oso txikitatik pentsatu dut hori. Eta pentsamolde horrek jarduera oso garrantzitsuak egiten lagundu dit, nire gaitasunen inguruan inolako zalantzarik izan gabe. Hain zuzen ere, uste dut hori dela neska askori gertatzen zaiena: ez dute beren gaitasunean sinisten. Eta hori arazo handia da. Gizarteak zein hezkuntzak hala egin gaituzte, eta espero dut egoera hori etorkizunean aldatuko dela. Bederen, gurasoen esku dago».

Momentuz, gizonezkoen artean mugitzen ari da. Batez ere, Mororekin. Baina, hala ere, bere autonomia aldarrikatzen du. Horren adibide bat da duela lau urte Nanga Parbaten gertatu zitzaiona: «Neskok heroi baten jarrera ez dugu hartu behar. Mutilek hala nola gailurra egin nahi dute. Nanga Parbaten ez nuen heroi bat izan nahi. Ez nuen jarrera hori aurrera eraman nahi. Horregatik, gailurretik 70 metrora nengoela atzera egiteko erabakia hartu nuen. Fededuna naiz, eta Jainkoarekin zein garaiera handiko mendiekin harreman ona daukat. Gailur egun horretan otoitz egin nuen. Eta Jainkoari eskatu nion haizearen indarra bare zezala. Egoera zaila zen, eta handik onik atera nahi nuen. Bakar-bakarrik sentitu nintzen, eta bide batez Jainkoarengandik oso hurbil. Nire espediziokideengandik baino askoz ere hurbilago. Geure heriotzaren ordua idatzita dago, eta pentsamendu hori une oro neure buruan egon zen. Nire bihotzaren barru-barrutik hitz egin nion: ‘Haizea baretu behar duzu edo erabakiren bat hartu beharko dut’. Mezua oso azkar inprimatu zen neure buruan: ‘Atzera egin behar dut’. Simoneren kasuan konturatu naiz erabaki bat hartzen duenean oso zuzena izaten dela. Nik, berriz, zalantza asko ditut. Erabaki bati buelta asko ematen dizkiot».

Lungerrek argi eta garbi du erabaki zuzenena zein egokiena hartu zuela. Baina, era berean, oso zaila izan zela dio: «Tontorretik 70 metrora nengoen; historia egitetik oso-oso hurbil. Baina erabakia hartu behar nuen, eta neure buruak horrekin asko sufritu zuen. Jaitsieran eroriko bat izan nuen, eta ez nengoen ziur handik bizirik aterako nintzen. Azken kanpalekuan nengoela nire kideak iritsi ziren. Are gogorragoa izan zen niretzat. Pozarren ziren, eta ni arrakasta bera lortzeko gertu egon nintzen. Gailurra alde batera utzi eta bizitzea erabaki nuen. Hori da eskarmentu hartatik atera dudan ondorio aberasgarriena».

Azkenean, Nanga Parbatetik onik atera zen, baina, arestian aipatu dugun bezala, Gasherbrum mendietan egin behar zuen helburutik ere kolpe gogorra jaso zuen. Alpinista italiarrak onartu du eskarmentu latz hartatik oraindik errekuperatzen ari dela. Horretan dela, Lungerrek aurreratu du izaera horretako espedizioak egiten jarraituko duela: «Agian, Mongoliako Altai aldera joango naiz. Himalaiara berriro itzultzen banaiz, argi eta garbi dut orain arte egin dudan bezala joango naizela: talde txikiak, estilo arina, oxigeno artifiziala erabili gabe... Nire espedizioetan mezu bat helarazi nahi dut: etorkizunari beldurrik ez izan eta esku artean duzun xedean topera jardun. Norberaren bidean aurkitzen diren oztopoak saihestu behar dira. Horri aurre egin behar zaio. Esan behar dut ere egoera ezezagunetan murgiltzea gustuko dudala. Hori mendizale askorentzat gogorra eta mingarria izan daiteke. Baina, aurreratu dudan legez, egoera zail guztiak albo batera utzi behar ditugu. Agian batzuek pentsa dezakete bizitzaren eta heriotzaren artean bizi naizela. Baina nik ez dut horrela ikusten».