GARA
DONOSTIA

Ikasturtea uda aurretik prestatzea eskatu du Eskola Kontseiluak

EAEko Eskola Kontseiluak Lakuako Gobernuko Hezkuntza Sailari atzo gomendatu zion datorren ikasturtea uda baino lehenago «prestatu, planifikatu eta antolatzea». Prestaketa hori hezkuntza-komunitatearekin lankidetzan egiteko eskatu zion, «inprobisazioak saihesteko», koronabirusaren pandemiak sortutako ezohiko egoera dela eta.

Atzo igorritako ohar batean, kontsultarako eta aholkularitzarako erakunde horren batzorde iraunkorrak Hezkuntza Sailari aholkatzen dio ikastetxeen autonomian eta erabaki partekatuetan oinarritutako gobernantza moduan sakontzea.

Halaber, azpimarratzen du koronabirusaren pandemiak sortutako egoeran beharrak «handiagoak» izango direla, eta, beraz, dei egiten die hezkuntza-komunitate osoaren eta Administrazioaren elkartasunari, erantzukizunari eta eskuzabaltasunari, «behar diren antolamendu-neurri guztiak har daitezen, baliabide guztiak optimizatu eta handitzeko eta, orain inoiz baino gehiago, ekitatea bermatzeko».

Udako jarduerak

Ikasturte honen amaierarako eta 2020ko udarako, Eskola Kontseiluak, besteak beste, ikasle bakoitzaren diagnostiko «indibiduala, erreala eta zehatza» egitea proposatzen du, beharrezkoa bada neurri pedagogikoak indartuz esku hartzeko.

Azken kasu horretan, udako jardueren planifikazioaren alde egiten du, «familientzat zama ez diren jarduerak» egitea gomendatuz. Aukera hori euskara eta aisialdia indartzeko ere aprobetxatu daitekeela nabarmentzen du Eskola Kontseiluak.

Irailera begira –2020/21 ikasturtea orduan hasiko dela aurreikusiz–, Eskola Kontseiluak modu berezian eskatu zuen ikasleei «harrera pertsonala eta arreta emozionala» eskaintzea; batik bat, gizarteratze-programei eta aniztasunaren tratamenduari dagokienez, eta helburu horretarako «beharrezko bitartekoak» ezartzea.

Eskolen digitalizazioa

Adierazi duenez, familiek aurreikusi diren antolamendu-aldaketa guztien berri izan behar dute, eta pandemian egindako ahalegin digitala «aprobetxatu eta hobetu» behar da, «ikaskuntzarako ohiko tresna izan dadin», betiere ikasle guztien sarbide digitala bermatuta.

Horretarako, eskola publikoa digitalizatzeko plan urgentea eskatu zion Lakuako Gobernuko Hezkuntza Sailari.

Proposatzen duen beste neurrietako bat «curriculuma oinarrizko eta ezinbesteko gaitasunetara egokitzea eta murriztea» da, «gaitasun pertsonal, komunikatibo eta digitalei» lehentasuna emanez.

Motibazioa handitu

Covid-19aren osteko egoera batean hezkuntza bermatzeko beharrezkoak diren aldaketei dagokienez, Eskola Kontseiluak proposatu zuen pandemian ikasitakoa aintzat hartzea, «ikasleen motibazioa handitu eta ikaskuntza esanguratsua lortzen duten metodologiak abian jartzeko, eta ikaslearen autonomia sustatzeko eta esperimentazioa eta ikerketa sustatzeko».

Bere esanetan, halaber, eskola presentzialetan ikasle gutxiago egon behar badira gela bakoitzean, kontuan hartu beharko da eskolak zaintza funtzioa betetzen duela, «familiaren kontziliaziorako beharrezkoa», eta, beraz, «gainerako ikasleei arreta emateko aukera guztiak aztertu beharko dira».

Beste neurri batzuek honakoekin zerikusia dute: irakasleen prestakuntza testuinguru berrira egokitzearekin, antolaketaren plangintzan familien parte-hartzearekin eta espazioen eta denboren antolaketaren malgutasunarekin, ikasleen familien kontziliazioa errazteko.