Arnaitz GORRITI
Saskibaloia

Laura Garcia, beste urtebete IDK Euskotrenen

Emakumeen Liga eten aurreko azken jardunaldianjokalari onenaren saria eskuratu zuen Toledokoak.

Azu Muguruza entrenatzaileari eta Lara Gonzalez kapitainari kontratua luzatu ostean, eta Meiya Tirera fitxatu eta gero, Emakumeen Saskibaloi Ligako IDK Euskotrenek urtebeterako luzatu dio kontratua Laura Garciari.

Behetik goranzko denboraldia egin du Toledoko eskoltak. Estatu frantseseko Ligatik bueltan, 38 urteko jokalariari martxa hartzea kosta zitzaion, baina azkenean 9,1 puntu eta 2,4 asistentzia lortu ditu batez beste. Horrez gain, Emakumeen Liga eten aurreko azken jardunaldiko jokalari onenaren garaikurra, MVP deritzona, ere eskuratu zuen.

«Sentsazio gazi-gozoekin bizi izan dut joan den denboraldia», onartu zuen atzo Laura Garciak berak talde donostiarraren webgunean eginiko adierazpenetan. «Neure burua kantxan kokatzea asko kostatu zitzaidan eta ondoen ari nintzenean geratu beharra tokatu da», gaineratu zuen.

Toledoko jokalariaren hitzetan, «alde biek interesa» izan omen dute kontratua luzatzeko garaian. «Erabakia hartzea erraza izan da eta, gainera, datorren urtean aurten erdizka laga dugun maila on hori berretsi nahiko nuke», adierazi zuen.

Kulboka, ia berriztuta

Bilbao Basketek baieztatzeko zain, esan liteke Arnoldas Kulboka hegal-pibot lituaniarrak beste urtebetez jarraituko duela beltzezko gizonen artean. Hala zioen bederen sportando.basketball web espezializatuak atzo.

Zalgiris Kaunasen eskaintza izan arren, Kulbokak Bilbon jarraitzea erabaki du. ACB Ligan esperientzia gogorra izan du, baina azkenean 8,5 puntu eta 3,6 errebote lortu ditu batez beste. Alex Mumbruren agindupean, lituaniarrak bere ibilbide profesionalean urrats bat egin nahiko du datorren denboraldian, hala ACB Ligan nola Basketball Champions Leaguen.

Aipatu webgunearen arabera, Quentin Serron belgikarra ere Bilbao Basketekin beste urtebetez kontratua luzatzekotan da.

Daniel Bordignonen agurra

Saski Baskoniari dagokionez, Daniel Bordignon 24 urteko hegal-pibot gazteak saskibaloia behin betiko uztea erabaki du. Belaun bietako lotailuetan eta bizkarrean azken hiru urteetan izan dituen lesioek zapuztu dute jokalari brasildarraren kirol ibilbidea.

Brasilgo Parana estatuko Toledo hirian jaio zen Daniel Barbieri Bordignon, 1996ko otsailaren 3an. 2010ean, 14 urterekin, heldu zen Gasteiza. Hegal-pibot ona izateko bidean jarri zen Baskoniaren behe mailetako taldeetan, Iñaki Iriarteren eskuetan.

18 urterekin, Planasa Navarra Iruñeko taldearekin Urrezko LEB Ligan debuta egin zuen, 16 minutu jokatuz, batez beste. Gero Huescan ere bikain aritu zen. Baina 2017tik aurrera belaun bietako lesio larriek eta Argentinan utzita zela bizkarrean izandako lesio batek eten zuten Bordignonen bidea. Azkenik, Baskoniari esker oneko hitzak eskainiz, 24 urterekin beste bizimodu bati ekitea erabaki du.