05/06/2020

Prebentzioari egokitutako plana eskatu du Ehige-k
GARA|BILBO
0605_eg_eskola

«Ezin gara konformatu normaltasun egoera batera bueltatuko garela dioen planifikazio batekin», nabarmendu zuen atzo Ehige Euskal Herriko Ikasleen Gurasoen Elkarteak. Urruntze eta prebentzio neurriei egokitutako plana egiten hasteko eskatu zion Lakuako Hezkuntza Sailari: «Erlaxatzen bagara ez digu denborarik emango».

Ehige Hezkuntza Saileko ordezkariekin batu zen asteazkenean. Datorren ikasturteko plana hezkuntza eragileekin kontrastatzeko asmoa zuela azaldu zion Sailak elkarteari. Bertan hitz egin zena bertan geratuko zela pentsatu zuen Ehigek, baina komunikabide batzuetan ikusi zuten atzo.

Informazio horren arabera, EAEko Hezkuntza Sailak irailean ikasturte presentziala hasteko asmoa du, etapa guztietan, osasun egoerak aukera ematen badu. DBH eta Batxilergoko ikasleak lanaldi jarraituan bertaratuko dira, eta beste aukera batzuk aztertuko dira, egoera epidemiologikoak okerrera egin eta gaitza berriz agertzen bada. Hori guztia agertoki desberdinen eta gainera aldakorren eskema batean, orain osasun aurreikuspenek duela aste pare bat baino hobeak diruditelako.

«Ikasle guztiak ikastetxeetara bueltatzea nahi dugu familiok, orain arteko ordutegi eta zerbitzu berdinekin eta sortu diren behar berriei erantzungo dieten baliabide berriekin, aurtengo galerak errekuperatzekoak eta etorkizunean gerta daitezkeen egoera berriei erantzungo dietenak», nabarmendu zuen. Hori dela eta, ez da konformatuko «normaltasun egoera batera» bueltatuko garela dioen planifikazio batekin. «Urruntze eta prebentzio neurriei egokitutako plan bat egiten hasi behar da berehala Hezkuntza Saila. Orain erlaxatzen bagara pentsatuaz normaltasunera bueltatuko garela, ez digu denborarik emango ikastetxeak modu egokian planifikatzeko», baieztatu zuen.

ELA, LAB, Steilas, CCOO eta UGT sindikatuen ustez, bestalde, Hezkuntza Sailak «arduragabekeriaz» jokatu du ikasturtearen hasierako planekin. Esan zutenez, bere planteamenduetan ez da lehenesten baliabide berriak eta segurtasuna bilatzea, kalkulu ekonomikoa baizik.

Asteazkenerako bilera batera deitu dute Hezkuntza.