GARA
IRUÑEA

Covid-19agatik hildakorik ez eta 12 kasu berri azken 24 orduan Euskal Herrian

Hiru positibo berri atzeman ziren atzo EAEn –ez daude Orioko agerraldiarekin lotuta– eta 9, Nafarroan. Pandemiak 10 milioi pertsona kutsatu ditu mundu osoan.

Euskal Herrian ez zen hildakorik izan atzo, eta hiru kasu berri atzeman zituzten EAEn PCR proben bidez; horietako bat bera ere ez dago Orioko fokuarekin lotuta. Hiru positibo berri horietatik bi Bizkaian atzeman zituzten, eta bat, Gipuzkoan, Lakuako Osasun Sailak aditzera eman zuenez.

Nafarroak, bestalde, bederatzi kasu erregistratu zituen atzo, eta horietako bat ere ez dago herrialdearen iparraldean detektatutako fokuarekin lotuta, Chiviteren Gobernuak eman zituen datuen arabera. Pertsona bat zainketa intentsiboetako unitatean dago eta ospitaleratutako gaixoak 24 ziren atzo, larunbatean baino lau gutxiago.

Azken egunetako kasu berrien bilakaerari dagokionez, larunbatean zortzi kasu berri erregistratu zirela jakinarazi zen. Larunbatean zazpi izan ziren, ostegunean bederatzi, asteazkenean 11, asteartean 13 eta astelehenean 12. Atzo ezagututako datuen arabera, guztira 5.460 kasu atzeman dira Nafarroan, eta 528 dira hildakoak.

EAEn, berriz, koronabirusaren pandemia hasi zenetik, 1.611 pertsona hil dira eta 20.926 kutsatu dira guztira. Ospitaleen egoerari dagokionez, larunbatean bi pertsonari alta eman zieten eta covid-19a duten sei pertsonak ZIUn jarraitzen dute.

10 milioi pertsona

Atzo eguneratutako datuen arabera, covid-19ak baieztatutako 10 milioi kasu baino gehiago eta 499.124 hildako utzi ditu dagoeneko 188 herrialde eta lurraldetan. Gaitza gainditzea lortu duten pertsonak, aldiz, bost milioi baino gehiago dira.

Pandemiaren epizentroa Latinoamerikan dago une honetan, eta AEB (125.539), Brasil (57.000) eta Erresuma Batua (43.600) dira heriotza gehien izan dituzten herrialdeak.