30/06/2020

Joxemari CARRERE
ipuin kontalaria
Bruegel

Joxe Arratibelek kontatzen zuen oraingo haurrek ez dutela iluntasuna ezagutzen. Ataungo baserrian, gaua heltzen zenean, metro batzuk kanpora aldentzeko ausardiarik ez zuten txikitan, iluntasun hartan bizi ziren piztien beldur. Nola imajinatuko zituen Arratibel haurrak piztia horiek? Amak edo amonak kontatutako istorioetako biztanleak, Etsai Zaharra, sorginak, Gaueko, zakur erraldoiak… iluntasun hartan bizi ziren. Eguna egunekoentzat, gaua gauekoentzat. Kontu zaharretan pertsonen ikarak iluntasunean bizi ziren. De Lancre inkisidoreak atxilotutako emakume lapurtarrek torturen eraginez kontatzen zituzten istorio beldurgarri eta fantastikoak nondik atera zituzten? Deabruaren erresumaren tentazioan eroritakoei infernu dohakabe eta izigarri baten kondena ekarriko zien. Zazpi bekatu nagusien kondena. Munstro izigarrien kondena. Deabruaren erresuma pertsona humanoen beldurrekin eraikia zen. Zergatik maite dugu, ordea, istorio horiek entzutea?

Bruegel Zaharra XVI. mendeko margolari flandiarra da. Pertsonen beldur atabikoak erakusten ditu bere lanetan, baita bizi izan zuen garaiko bizimodua ere. Irudien bitartez, garaiko ohiko bizitzaren eta orduko imajinarioaren kronista izan zen. Bere margoak ikusiz, kontu zaharretan agertzen diren pertsonaiak eta pasadizoak hobeto ulertzen dira; garatu ziren gizartean kokatzen zaitu. Donostiako San Telmo museoak antolatu duen “Deabrua ote” erakusketan barneratuz, ipuinen erraietan barneratzen zara. Iluntasunari argia ekarriz.