GARA
BAIONA

Hizkuntza eskubideen protokoloa sinatuta dute 22 auzapezek

Herriko etxeetan euskararen garapenean aitzinatzeko Kontseiluak eta Euskal Konfederazioak otsailean aurkeztu dokumentua izenpetu zuten herriko bozetara aurkeztu ziren zerrenda ainitzek. Bada, igandeko bigarren itzuliaren ondotik, 22 dira orotara protokoloa izenpetuta duten auzapezak, «euskararentzat bide berriak urratzeko» posibilitateak irekiz. Tokian tokiko hizkuntza politiketan aitzinamenduak egiteko tresna da sinaturiko dokumentua.

Kontseiluak azpimarratu duenez, «euskararentzako bide berriak urratzeko aukera zabaldu du Ipar Euskal Herriko herriko etxeetako bozen bigarren itzuliak». Izan ere, besteren artean, biztanle kopuru garrantzitsua duten Baiona, Donapaleu, Hendaia, Itsasu, Bidarte, Urruña, Senpere, Azkaine, Uztaritze, Ezpeleta, Hiriburu eta Ziburu bezalako herri eta hirietan hautatutako auzapezen zerrendek izenpetu zuten herriko etxeetan garatzeko Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloa.

Euskal Elkargoaren baitan ordezkaturik dauden 158 auzapezetatik 78 euskal hiztunak dira. Euskal Irratien kontaketaren arabera, Nafarroa Behereko auzapezen %62,5 dira euskaldunak. Zuberoko auzapezen artean, berriz, %50 dira. Lapurdin, azkenik, %25 dira euskaldunak.