Maite BIDARTE
DONOSTIA

Maisha, Zozaya, Gozategi, Calsor eta Rodeo urtea borobiltzeko

Urteari itzulia eman diote «Beste bat» irratsaioek. Pasa den abuztuan jarri zuen NAIZ Irratiak martxan saio kolektiboa eta geroztik 40 musikari baino gehiago pasa dira. Uztaileko lekukoa hartuta datoz Maisha MC, Zozaya, Calsor, Gozategi eta Rodeo.

Iazko abuztuan ekin zion bideari “Beste bat” saio kolektiboak Miren Narbaiza, Olatz Salvador, Nizuri Tazuneri eta Mikel Markezekin. Geroztik, dozenaka musikari eta taldek eskaini digute euren fonoteka kutuna: Dupla, Ibon RG, Petti, Ane Garcia, Amorante, Ibil Bedi, Eraul, Birkit, Andoni Tolosa, Eneritz Furyak, Zazkel, Montauk, Maria Rivero, Jurgi Ekiza, Okene, Txuma Murugarren, Joseba B. Lenoir, Iñorkiñak, Broken Brothers Brass Band, Gorpuzkingz, Aguxtin Alkat, Occhi di Farfalla, Serpiente, Flamenko Miña, Estitxu, DJ Bull, Katanga Dub, Gaizka Insunza, Giranice, Gatom, Hannot Mintegia, Orbel, Koban, Hatxe, Kai Nakai & Chickjuarez, Bulego, Aitor Etxeberria, Madeleine...

Uztaileko txanda iritsi da orain, urtea borobiltzeko: Eneko Axpe Maisha MC, Sara Zozaya, June Calsor, Gozategi eta Rodeo.

Astelehenak: Maisha MC

Astelehenetako “Beste Bat” saioa AEBetatik egingo da, zehazki San Frantzisko hiritik, bertan bizi baita Eneko Axpe, Maisha MC, NASArentzat ari baita lanean hainbat proiektutan. Azkenaldian maiz ikusi eta entzun dugu Eneko Axpe pandemiari buruz azalpenak ematen, baina “Beste bat” saioetan musika kontuez ariko zaigu, ez baita zientzia bere pasio bakarra: musikak ere bahituta du bere bihotza. Eta bi pasio horiek ederki uztartu ditu bere bakarkako lehen lanean: “Vmme Sahar”, non maisuki nahastu dituen Marteko soinuak eta euskal folka.

Astearteak: Calsor

June Calsorrek hartuko du lekukoa astearteetan. 14 urterekin hasi zen musikari donostiarra kantuak idazten, eta aurten atera du bere lehendabiziko lana: “Amalur”. Soul doinurik ez da faltako astearteetako “Beste bat” saioetan.

Asteazkenak: Rodeo

Asteazkenetan, Rodeo. Beti esan ohi da Berak baduela zerbait berezia, musikari askoren herria delako. Bada, gauza bera gertatzen da Zestoarekin ere: garai bateko Lin Ton Taun, eta geroko Grises, Rural Zombies, Ezpalak... edo Rodeo, aipatutakoaren adierazle. 2014an elkartu ziren Rodeo taldeko lau kideak Zestoako gaztetxearen urteurrenaren aitzakian; kontzertua eman eta izandako arrakasta ikusita, behin-behineko talde hura sendotzea erabaki zuten. Horrela sortu zen Rodeo stoner banda, gaztetxearen bueltan. Geroztik hirulan kaleratu dituzte, azkena aurten: “Ezherrian”.

Ostegunak: Gozategi

Orioko Gozategi taldeko Iñigo Goikoetxea eta Asier Gozategi ariko dira “Beste bat” saioa egiten ostegunetan. Ez du aurkezpen handirik behar trikiti munduan sortutako taldeak. 25 urte daramatzate oholtza gainean eta haien kantu ugari ereserki dira belaunaldi bat baino gehiagorentzat. Azken lana 2018an atera zuen taldeak: “G puntua”.

Ostiralak: Sara Zozaya

Sara Zozaya donostiarrak jarriko dio ginda asteari ostiraletan. 12 urte dituenetik abestiak egiten jardun duen arren, 2018an bildu zuen Sara Zozayak adore nahikoa bere lana EP formatuan plazaratzeko, hala aitortu zuen behintzat “Musika pipulak” podcastean. Musikari donostiarrak Nerabe taldearekin eman zituen lehen pausoak jendaurrean, bakarkako ibilbideari ekin aurretik. “III” deituriko EP intimistaren ondoren, 2020an plazaratu du “(I)” bere lehen diskoa. Abesti guztiak batera kaleratu ordez, bere lana kantuz kantu aletu du Zozayak.

Zuzenean 15.00etan ematen dira saioak eta podcast plataformetan ere entzun daitezke.