Andoni ARABAOLAZA
Entrevista
JOSEMA URRESTARAZU
ESKALATZAILEA

«Benetako garrantzia du ‘Basapiztien eremua’-n eginiko prozesuak»

Eskalatzaile altsasuarraren azken jarduerak ez gaitu ezustean harrapatu. Askok diote ez dela batere ohikoa 51 urterekin 9a mailako bide bat egitea. Eta horrela da. Baina ezagutzen dugunok, badakigu zer-nolako motibazioa, gaitasuna eta sasoia dituen. Joan den ekinaren 23an, Ekaitz Maizek sortutako «Basapiztien eremua» kateatu zuen. Urrestarazuk bidearen laugarren igoera sinatzeko aukera izan du. Hurrengo elkarrizketan, GARAri azaldu dio Canteroko iparraldeko horman dagoen bide horretan izan duen eskarmentua.

2014. urtean, «Akelarre» bidearekin, 9a mailan sartu zinen. Zazpi urte geroago, zure bigarren 9a iritsi da. Tarte horretan ez duzu izaera horretako proiekturik izan esku artean?

Urte horietan guztietan, zailtasun horretako bideak bilatu ordez, marra erakargarrien atzetik ibili naiz. Eskian ere topera nabil; joan den denboraldiko Espainiako Txapelketan, beteranoetan, hirugarren izan nintzen. Beraz, neguan ez dut hainbeste eskalatzen.

Eskaladari dagokionez, besteak beste, kateatu gabe dauden proiektuetan jardun dut. Zenbakiak eta letrak, jakina, alde batera utzita. Horrez gain, iaz, neure buruari erronka bat jarri nion: 8b mailatik gorako hamar bide egitea. Azkenean, hamabi izan ziren. Ez naiz geldirik egon! Baina, bai, “Basapiztien eremua” xede bat izan da. Ez nekien gai izango ote nintzenik hura sinatzeko, eta gustatu zait marra horretan egin dudan prozesua.

«Akelarre» Ilarduian egin zenuen; «Basapiztien eremua», berriz, Etxaurin. Etxera itzuli zara, ezta?

Bai, banuen arantza bat; zuk diozun bezala, etxean zer edo zer gogorra egin nahi nuen. “Begi puntuan” (9a) probatzen egon nintzen, baina utzi nuen pausu batek eskatzen zuen beso-hedadurarengatik. Oso aleatorioa da. “Amaiur 1522” (8c) ere helburu nuen; izan ere, bitxia da. Baina, azkenean, Canteroko iparreko horman jardun dut.

«Akelarre»-k 60 metro ditu, eta zuri eginiko elkarrizketan maratoi bati buruz hitz egin genuen. «Basapiztien eremua», berriz, 90 metrokoa da: ultra-maratoia. Zergatik erakartzen zaituzte oso luzeak diren bideek?

Erronka berezia da: marraren goialdean ere ondo eskalatu eta estutu behar duzu, puntu psikologikoa ere badu, aseguratzailea ez duzu ikusten... Halere, alde deserosoak ere baditu: soka oso luzea eraman behar da eta pisu handia du; soka espresetik pasatzea kosta egiten da; bidea oso luzea denez, oinak mindu egiten zaizkizu...

Bide laburragoak ere gustuko ditut; ez diet uko egiten. Gertatzen dena da “Basapiztien eremua” ikaragarria dela!

Kateatu berri duzun marrari buruz lehen lerroburua bota duzu: ikaragarria. Zer gehituko zenuke zailtasun horretan ohikoa ez den bide horri buruz?

Den-dena naturala dela. Harrigarria da Ekaitzek marra hori ikusteko izan zuen gaitasuna. Oso zuzena eta tentea da. Eta ezaugarri horietako marra gutxi daude. Sekulakoa da!

Canteroko iparreko horman dagoen «Bihotz alaiak» (8c+) iaz sinatu zenuen, 90 metrokoa baita. Marra horrek bultzatu al zintuen aipatzen ari garen proiektuan buru-belarri jardutera?

Murru horretan kateatzeko falta zitzaidan bidea zen. Beno, badago beste proiektu bat ere; “Menos es mas”-en bigarren luzea askatu, eta nik asmoa dut hirugarren bat sortzeko. Hori nire hurrengo xedea izango da.

«Bihotz alaiak» eta «Basapiztien eremua»-ren artean plus bateko aldea dago. Hori nabaritu al duzu?

Bai, ez dago zalantzarik: “Basapiztien eremua” zailagoa da. Beheko zatian dagoen blokea oso gogorra da. Ez dira pausu gutxi batzuk; ez, dezente ditu. Eta goialdean, bestalde, bide honek erresistentzia gehiago eskatzen du. Gainera, tenteagoa da. Sekzio luze horretan ezin zara lasaitu. 8a+ mailakoa da, eta teknikoki oso ondo mugitu beharra duzu.

Nolakoa izan da «Basapiztien eremuan»-n bizi izan duzun prozesua?

Joan den urrian probatzen hasi nintzen, eta onartu behar dizut azaro amaierarako oso-oso gertu nuela. Baina euria egin eta busti egin zen. Esan behar dut prozesu gorabeheratsua izan dela. Zergatik diodan hori? Bada, itxialdia izan dugulako, ondoren bero egin zuelako, berriro euria eta berriro busti...

Katera heldu nintzen egunean, zalantza ugari nituen. Helduleku bat heze zegoen, hura gainditu eta aurrera jarraitu nuen. Ez dakit zergatik, baina buruak esaten zidan erorikoa izango nuela. Goiko sekziora heldu eta nekatuta nengoen... baina, azkenean, erorikoa izan ordez, soka katetik pasatzea lortu nuen. Itxialdian geunden bitartean, egun guztietan entrenatu nintzen. Etxean Eguberrietako zuhaitz bat zirudien horma bat prestatu nuen. Sasoiko mantentzeko balio izan zidan. Baina behin bide horretan, ohartu nintzen erresistentzia gutxi nuela. Pausuak ateratzen ziren, baina sekzioak lotzea ezinezkoa zen.

Muturreko bide bat kateatzeko orduan, jakina, hainbat ezaugarri hartu behar dira kontuan. Zure kasuan, zeintzuk azpimarratuko zenituzke?

Lehenik eta behin, aipatu behar dut atzean utzi dugun maiatzean izaniko baldintzek asko lagundu dutela. Tenperaturaren aldetik, inoizko maiatz onena izan da. Kristoren baldintzak zeuden! Buruarentzat giltza zen hotz hori egitea; izan ere, arroka ukitzean, ederra zen oso. Baldintza horiek burua bere lekuan edukitzea baino inportanteagoa izan dira. Eragozpen bakarra zen helduleku bat heze zegoela, baina aurrera joan nintzen.

Bestalde, azalaren kontua dago. 90 metroko bide batean erabat baldintzatzen du. Eguneko bi ekinaldi egin eta azala errekuperatzeko etena egin behar izaten nuen. Egun batzuetan, hatz batzuetan esparatrapua jarri beharra izaten nuen, eta, dakizunez, hori ez da batere atsegina. Aipatu nahiko nuke ere beheko sekzioan dagoen blokean beste mugimendu batzuk asmatu behar izan nituela. Ekaitzek [Maiz] modu ezberdin batean egin zituen. Zailtasunari dagokionez, hor dago marraren gakoa.

Hain zuzen ere, Ekaitz Maiz izan zen «Basapiztien eremua» sortu eta lehendabiziko igoera sinatu zuena. Elkarrizketatu nuenean, esan zidan puntu gorria jarri zion egunean bi orduko lana egin zuela. Nolakoa izan zen zure «D eguna»?

Bide erraz batean egin nuen beroketa lana. Eta behealdeko sekzioan ere jardun nuen, besteak beste, helduleku txikiek tentsio handia eskatzen dutelako. Hori dela eta, ondo berotzea ezinbestekoa da. Lehendabiziko ekinaldian, pausu gogorretik ateratzen erori nintzen. Akats txiki bat egin nuelako izan zen. Alabaina, oso indartsu sentitu nintzen.

Ondoren, bigarren saioari ekin nion. Lehen zatia gainditu eta bigarrenaren aurrean jarri nintzen. Ezin izan nuen atseden onik hartu. Katu-oinak oso estuak nituenez, behatz lodian egundoko mina nuen. Leku horretan ezin nituen katu-oinak aldatu, eta, gainera, estuak eraman behar nituen oinak jartzeko lekuetan zehaztasun handia behar delako. Ez nuen behatz hori sentitzen, eta atseden leku horretan orpoekin lagundu nintzen. Uste dut ordu eta erdiko eskalada izan zela.

Denbora hori jo eta su egin eta gero, katera heldu eta gainetik zama handia kendu al zenuen?

Arestian aipatu dizut buruan erortzeko mamua nuela. Batez ere, goiko aldean. Beste bide batzuk menderatuta ditudanean, argi dut ez naizela eroriko. Baina honetan amaitu arte ezin zara lasaitu. Buruari gogor egin nion, eta emaitza iritsi zen azkenean. 90 metro horietatik soilik azken lau metroetan gozatu nuen. Marra guztian oso erne eskalatu behar duzu.

Beheko sekzio gogorra, giltza dena, gainditu ondoren, atseden leku horretara erabat puztuta heltzen zara. Eta oraindik oso tentea den sekzio luze bati ekin behar diozu: helduleku txikiak, oso sekzio teknikoa... “Basapiztien eremua”-k buruari asko eskatzen dio. Harrigarria da!

Argi eta garbi dagoena da «Basapiztien eremua» ez dela ohiko bide bat, betiere bederatzigarren esferan kokatzen badugu. Marra horretan izan duzun eskarmentuaren inguruan, zer azpimarratuko zenuke?

Zuk diozun bezala, bide oso berezia da. Datu argi bat: Ekaitzek [Maiz] kateatu zuenetik, nirea hirugarren errepikapena izan da. Uste dut egun ezaugarri hauek dituzten marrak , oro har, ez direla erakargarriak. Oso-oso psikologikoa da, eta egin behar den prozesuak lan handia eskatzen dizu. Modan ez dagoenez, goitik behera zuk landu behar duzu: espresak jarri, helduleku garrantzitsuenak magnesioarekin markatu...

«Basapiztien eremua» 51 urterekin igo duzu, eta eskalatzaile zein hedabide askok gai horri garrantzia ematen diote. Izan ere, munduan oso gutxi zarete adin horrekin 9a eskalatu duzuenok? Zer diozu?

Aitor dezakedana da goi mailako bide bikain bat eskalatu dudala. Beste bat. Eta ez diot garrantzirik ematen adinaren kontu horri. Pozgarria da, eta oraindik ere ilusioa egiten dit adin horrekin zailtasun hori egitea. Motibazioari eusten diot, eta hori da inportanteena.